Eta dolua elikagarria balitz?

Atzo, Hontza liburu-dendan, nobedadeei begira nenbilela, begiak tximista bezala joan zitzaizkidan “Luisa Etxeberria Azkune” hizkiak zeramatzan liburu batera. Izenez bakarrik ezagutzen dut Luisa (bere sendia bai, noski), hortik aurrera ez dut haren berririk eta literatura idazten zuenik ere ez nekien, baina liburua ikusi eta berehala jan ninduen kuriositateak. Dendatik atera bezain pronto, han hurbileko banku batean eseri eta irensten hasi nintzen liburua. Poesia, alajaina!

Poesiak beldurtu egiten gaitu. Askotan, ulertzeko zaila delako. Kasu honetan ez da horrela: oso hitz ederren aurrean gaude, naturatik hartutako irudi ederren aurrean, gizakiaren psikologia sentikortasunez arakatzen duen poesia-sorta baten aurrean, sentimendu sakonez eta azalkeriarik gabeko lan baten aurrean, gure barruari on handia egingo dion hitz-hausnarketa baten aurrean.

“Haztamuka” du euskaraz izenburua eta “Dol i sol” (Dolua eta eguzkia) katalanez. Aspalditik Bartzelonan bizi da Etxeberria eta hango hizkuntzan sortua da, eta Jon Elordik euskaratua. Dolua eta samina ditu ardatz beste makina bat poeta handiren ibilbidean (Piedad Bonett eta Luisak berak aipatzen duen Joan Margarit etortzen zaizkit burura). Izan daiteke heriotza, izan daiteke gaixotasuna, edo maitasun-mina, edo haurtzaroa eta denbora joan izana… eremu edo aldarte horretatik dago sortua ziento erdi inguruko poesia sorta.

Irakurleak uzten badit digresio txiki bat egiten, Alberto Conejero antzerkigilearen “Odisea”-ko pasarte batean gertatzen den testuingurua izan dut gogoan liburua irakurtzen hasi naizenean: Jakina den bezala, Ulises Troiako gerra irabazita etxera bidean zela hamar urtetako sufrikarioak bizitu zituen, are eta etxera iritsi zen arte. Baina etxean, familiakoek ez zuten Ulises ezagutu, hainbeste urte pasata gero. “Seme!”, esaten dio Ulisesek, eta pixkanaka-pixkanaka semeak ezagutu egiten du aita. Ulises hurbiltzen da eta besarkada bero bat ematen dio semeari. Baina –hona iritsi nahi nuen– minaren minez, ez zaio hitzik ateratzen Ulisesi, eta honelaxe esaten du: “Hainbeste hitz eta orain bat berak ere ez du balio”.

Oinazearen ondorioz hitzen bidez esan ezin daitekeen min hori hausnartzen edo aletzen du Luisa Etxeberriak: “Isiltasun trinko baten nahigabea daramat” esaten du (“Isila, oihu mututua, dolu zuri eta letrarik gabea, hitzik azaleratzen ez duen orriaren antzekoa”, esaten du sarreran Lopez Graellek). Baina hasieran esaten den bezala, ordea, “poetaren etxeak, noski, ahotsa esan nahi du” eta isiltasun trinkoari aurre egiteko “hitzaren babesera” jotzea erabakiko du Luisak, “bertan min guztiek babesa aurki dezaten”. Horrela bada, saminak eragindako shock edo isiltasun horretatik hitzen babesera bidea egiterakoan, poeta handienek bezala naturaren elementuak edo konparazioak hartuko ditu makulu gisa eta, hala, Joan Margarit poetak esandako “Ni hotzaldi batetik nator” esaldiari, lehenengo hitzean erantzungo dio Luisak: “Badakizu zer zaila den bizirik irautea hoztasunean”.

“Isiltasunen sustraia” izeneko lehen zatian, hamazazpi olerki daude eta galeraz dihardute, min isilaz (Lizardi handiak zioen bezala, “min etsia, negar ixilla darion mina”). Hasieran ohikoak dira eguzkirik eza, neguko egunak, jantzi berorik gabeko egunak, itsas haizeak, berdearen distirarik gabeko orainak, zeruertzaren urdina galtzea, eguraldi gozakaitz koloregabekoak, gau grisaxkak tristura-txingarrak kitzikatzen dituen uneak, adarrak adorerik gabe ikaraz dabiltzanak…

Eguraldia negua da, baina argia lortzeko, landareek eta zuhaitz adarrek bezala, mugitu egin beharko du poetak eta “dolua sendatzeko asko ordaindu beharraz gain, etengabe oinez ibili beharra” dagoenez, etengabe segi beharko du argiaren bila. Eta argi bila ibiltze horrek, norbere sentimenduak esan eta askatzeko behar horrek ematen dio, hain zuzen ere, zergatia liburuari.

Azken zatiak “Neguko loreak” du izena eta leiho bat irekitzen die negu luzean bizirik irautea, ihartu gabe mantentzea lortu duten landareei, hitz batean, udaberriari. Itsasoa erabiltzen du inspirazio iturri lehendabizi (“Itsasoaren ertzean, / urek txinpartak aireratzen dituzte / haziak barreiatzen. / Eta dolua elikagarria balitz?) Gero basoak hartzen du protagonismoa (“Min dagiten oinatzak aurkitzen dituzu / eta kezkaz zutituriko puntak”).

Eta, azkenik, liburu osoari izenburua ematen diona, aipatuko dut hemen, “Dolua eta eguzkia”:

Poliedrikoa da errealitatea,
goxotasunaren eta ezinegonaren arteko nahasketa.
Goraka negarrez datorren oinazeari aurre egiten diozu.
Ez duzu janzten zintuen arropa atxiki nahi
ezta zainetako lore kotoizkoez libratu ere.
Zugan biziena dena antzematen duzu,
sakanetan habia egiten duten argiantzak
harrapatzen dizkiozu ilunabarrari.
Udazkeneko argiuneak dira neguaren erdian.

Segi azkar liburua erostera eta ez zara damutuko. A! Eta irrikatan nago noiz aurkeztuko ote den lan zoragarri hau Zestoan (Hordago, Amaia!).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide