Eta Zestoa ‘Aqua Sextiana’ balitz?

Erromatar garaiko aztarnak aurkitu ditu Josu Narbarte ikerlari gazteak Aizarnan. Sekulako poza hartu dut. Josu Narbartek merezi duelako, egundoko lana egiten ari da-eta Aizarna eta inguruetako historia argitzen. Eta, batez ere, poza eman dit etorkizunean Aizarna mugarri garrantzitsua izan daitekeelako Gipuzkoako erromanizazioa aztertzerakoan.

Duela urte gutxi arte, ostrukarena edo, irakurleak nahiago badu, Arrazoiaren itxitasunak agintzen duena zen ikuspegi nagusia: ikusten ez dena ez da. Batzuentzako, Gipuzkoa toki atzeratua zelako ez ziren erromatarrak honaino iritsi; besteentzat, berriz, erromatarrentzat ekonomikoki ez zeukalako interes estrategikorik; beste batzuek esaten zuten etorri egin zirela baina euskaldunok, haiek baino indartsuagoak izaki, bidali egin genituela (Ernion ere izan omen zen gerra latza erromatarren kontra!).

Baina, tira, garai hura pixka bat ikasi dugunok harridura azaltzen genuen topiko horien aurrean: Nola? Erromatarrak ez zirela hemendik pasa? Eta garai hartako erromatar idazleek aipatzen dituzten “herriak”? Eta han eta hemen aurkitutako gauza solteak? Eta erromatar armadatan ibili ziren soldadu barduliarrak (“gipuzkoarrak”)? Eta horrela adibide mordoxka bat.

Geroago, testuinguru arkeologikoan, Irun aldean azaldu ziren erromatar garaiko aztarna mordo bat, eta Donostian eta Zarautzen eta Getarian… Baina orduan ere, zientziaren zuhurtzia nagusitzen zen (ikusten ez dena ez da): kostaldean bai, ibili ziren, baina barne aldera nekez…

Garbi ikusi zen, ordea, barne aldean ere aztarnak bazeudela: Zestoa aldean bertan, Amalda haitzuloa (zeramika eta txanponak) eta Ekain IV (zeramika). Gero, berriz, Azkoitiko San Martin nekropolia, Sasiola-Deba aldeko Ermittia haitzuloa (terra sigillata zeramika), Oikiako Urtiagazar aztarnategia (erromatar garaiko zeramika arrunta) eta abar.

Bidea egiteko norbaitek aurretik joan behar izaten duenez, aditu batzuk ari ziren esaten: “Ez litzateke kasualitatea izango kostaldean edo bailaren behe aldean kokatzea [erromatar garaiko] populazio gune berri horiek; are gehiago, inguruan erromatar aztarnak dituzten aztarnategiak baldin badaude, edo toponimia arrastoak” (Milagros Esteban). Amalda eta Ekain IV haitzuloak aipatu ditut; biek dituzte erromatar garaiko aztarnak. Toponimia arrastoei dagokionez, berriz, “-ain” atzizkiak omen du latin kutsua: Bedua aldean dugu “Beain” toponimoa. Eta Urola behe aldean badira gehiago ere: Urtarain, Ibain[arrieta], Sastarrain… Beste atzizki interesgarria “-ona” omen da, eta Milagros Esteban berak, Caro Barojaren azterketa batean oinarrituta, jartzen du adibidea esku-eskura: “Arrona, de Arrius; Cestona, de Sextus”.

Senak –alegia, Arrazoiaren zorroztasun hori baino haratago dagoen zera horrek– esaten dit sorpresak eman ditzakeela Aizarnak eta baita Beduak ere noizbait zortea izan, parean jo eta indusketa egiten bada.

Erromatarrek, kostaldetik sartuta eragin ote zuten, beste toki batzuetan bezala, jendea mendietatik (kastroetatik) jaitsi eta bizileku berriak eta nekazaritza guneak sortzea? Oraindik ezin diogu erantzun galderei baina etorkizunean baietz uste dut.

Aipa dezadan orain, labur bada ere, Narbarte, 25 urteko ikerlari gaztea. Ez dut gehiegi ezagutzen baina gure Artxibo Historikora dokumentazio bila etorri zenetik langile nekaezinaren tankera hartu nion; langile nekaezina eta adin horrek ematen duen freskotasuna eta ausardia puntuarekin (zein beharrezkoa den ausardia eta eromen ukitu bat ikerlari emankorra izateko!). Deabruarekin bat eginda ote zegoen galdetu nion behin: guk 24 ordu dauzkagun bezala hari deabruak 48 eman ote zizkion bada. Ez nuen erantzunik jaso baina handik gutxira bere lagun batek esan zidan ez pentsatzeko ez zenik kalera irteten eta bizitza sozialik egiten ez zuenik; ez, ez: ez zela beti ikerketan ibiltzen. Gerora ikusi nuen interneten, kazetari bati esan ziona, “gaztea zen partetik egunez zein gauez hirian ‘anbiente’ gehiago izatea gustatuko zitzaiokeela” (Hori duk-eta arrazoia!).

Sekulako poza hartzen dut horrelako gazteak ikusita, eta guk bere garaian hartu genuen bideak (Historia ikastea, Antzinako Historia, Grezia eta Erroma…) jarraipena duela ikusteak. Oso ikerketa interesgarria ari da egiten Narbarte –Gipuzkoako landa eremuetan lurraren erabilera nola aldatu den– orain arte oso gutxi landu den gai bat, eta senak esaten dit zeresana emango dutela bere ikerketek. Bejondeiola!

Argazkia: Aizarnan indusketan; Josu Narbarte, kukubilka eskuinean (Danbolin-zulo elkartea).

Post scriptum: Testuan zehar eromen ukitu bat defendatzen dudanez, izenburu ero bat jartzea bururatu zait. Batetik, Cestona “Sextus” hitzetik etor badaiteke eta Akoa “aqua” hitzetik; eta, bestetik, erromatarrek oso estimatuak zituztenez ur termalak, Zestoakoak ezagutu izan balituzte… Ezin al liteke izan gure Zestoa “Aqua Sextiana”?

Halaxe omen zen, esate baterako Lugo (Officina Latinitatis, seu Novum Dictionarium Latino-Gallicum (1712): “Lucus Augusti, Turris Augusti, & Aqua Sextiana. Lugo, ville d’Espagne dans la Galice, sur la riviere de Minho”).

Bestalde, bazen, nik Salamancan ikasi nuenean, hango Antzinako Historiako departamentuko liburutegian, Cestona eta Aqua Sextiana elkarrekin lotzen zituen liburu bat baina, tamalez, ez nuen erreferentzia apuntatu eta aipamen lausotu bat baino ez da nire buruan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide