Albisteak

Eva Cruz Serna artista Aizarnarraren koadroak Azpeitian ikusgai

Eva Cruz Serna artista Aizarnarraren koadroak ikusgai daude Azpeitiako Aisialdi tabernan. Beizaman bizi Aizarnarrak askotariko koadro abstraktuak, Mari mitologiako pertsonaia edota albora begira ageri den neska baten lanak jarri ditu bertan. Urola Kostako Hitzari adierazi dionez, bere lan gehienetan “kolore biziak” erabiltzen ditu eta uneoro bizi duen momentu emozionala islatzen du. Betidanik gustatu izan zaio margotzea Sernari baina koadro handiak egiten duela hogei urte hasi zen. Margolanez gain, eskulanak edota bitxiak ere egiten ditu.

Poesia zalea denez, Joxan Artzerenaren poema bat jarri du koadroekin batera: “Begiak argi – belarriak erne – bihotza zabal – behar ditugu – noiznahi – gure beharrean – inor balitz – berarekin gaitzan”.

Etxean lan ugari ditu gordeta eta zortzi aukeratu ditu Azpeitian jarri duen erakusketarako. Hilaren bukaera arte izango dira lan hauek bertan ikusgai.

 

Eva Cruz Serna

 

Argazkiak: Urola Kostako Hitza