Ezkutuko haurra

Egun askotan, edo batzuetan, haur zinen egunez oroitzen zara. Oroitzen zara abestea gustatzen zitzaizula, lagunekin jolastea, abenturetan lasterka eta jauzika ibiltzea. Ai, zenbat aldiz eskatu ote zenion gurasoei parkean edo plazan bost minutu gehiago gelditzeko.

Ulertzen ez zenituen debeku batzuk ipini zizkizuten, eta hala ere, hauek hausten apartena zinen. Baina helduek ere ez zituzten ulertzen, haiek ere debekuak hausten baitzituzten.

Eta orduan, era guztietako aurkikuntzak egiten zenituen, grinatsu ibiltzen zinen herriko zoko guztiak arakatzen, guztia ematen zenuen zure gorputzaz, zure energiaz eta zure jakin-minaz. Kaleak eskaintzen zizkizun jostailuekin jolasak asmatzen zenituen, eta herriko leku huts eta bakartuak zure gaztelu bilakatzen zenituen. Nekaturik egon arren, amaierarik gabeko zelaietan lasterka egiteko indarra zenuen.

Altxor baten gisan gordetzen zenuen asteburuetan ematen zizuten txanpona, eta mingaina ostadarra baino koloretsuago bihurtzen zizuten gozokiak erosten zenituen. Lagun baten etxean lo egitea nahikoa zen inoizko parrandarik handiena egin zenuela sentitzeko. Eta bizikleta hartzea besterik ez zenuen, ahalik eta abiadurarik handiena hartu eta aske ihes egiteko.

Gogoratu denbora zeure egiten zenuen egun haietaz. Begiratu zure arropa, zure jakin-minaren isla ziren petatxuz jositako galtzak eta jertsea. Zure orrazkera nahasia, zure erorien une oroko zarakarra zuen belauna eta ukalondoa, hain garbiak ziren esku zikinak.

Orain heldua zarela, uste duzu galdua duzula, behinola izan zenuen gogoa, irrika asegaitz hori. Uste duzu ez dituzula berreskuratuko jolasean ipintzen zenuen sormena, zure irria, zure poz deiadarrak eta hain lasai isurtzen zenituen malkoak.

Sartu zaitez zure barnean, izan zinen haurra aurkitzen duzun arte. Ziur nago ezkutuko izkinaren batean duzula zain. Gogoratu aulki batean igota, ispiluari begira etorkizuna irudikatzen zuen haur hura. Edo besterik ezean, ni moduko nostalgikoa bazara, nahikoa izango duzu argazkiz beteriko oroitzapenen kutxan murgiltzearekin.