Albisteak

“FEMINISMOAK EGINGO GAITU HERRI”

Hori da martxoaren 8an Zestoako Txoko Feministak ekitaldian marraztutako kartelean irakur daitekeen esaldia: “feminismoak egingo gaitu herri”.  Ekitaldian zehar hiru gai nagusi jorratu ziren: lan munduan emakumeek bizi duten prekarietatea, emakumeen gain dauden ezkutuko zaintza lanak eta emakumeek jasaten duten indarkeria.

Lan munduaren eta krisi ekonomikoaren gogoeta oso kritikoa egin zuten ekitaldian, “krisi ekonomikoaz hitz egiterakoan eta egungo egoera sozioekonomikoaren inguruko azterketa egitean, argi ikusten dugu horri zuzenki lotuta doazen hiru elementu kontuan hartu behar ditugula: sistemaren izaera patriarkarra, sexuaren araberako lan banaketa, eta ezkutuko ekonomia zein zaintza lanak.” Krisi ekonomikoak emakumeak bereziki kolpatu dituela azaleratu zuten: “emakumeon lan merkaturatzea modu prekarioan egina baita, lanaldi okerrenak, soldata baxuenak guk izanik.”

Gaur egun emakumeek “ezkutuko” zaintza lanak egin behar dituztela salatu zuten, “emakumeok etxetik kanpo egiten dugu lan, eta etxe barruak ere gure gain jarraitzen du. Oraindik ere milaka emakumek sekula kontabilizatu gabeko zaintza lana egiten jarraitzen dute, musu-truk.” Emakumeek egiten duten ezkutuko lan horri irtenbidea emateko,  “jendarte arduratsuago bat” eraikitzearen beharra azpimarratu zuten Zestoako Txoko Feministako kideek.

Gizarte justu baterantz lan handia dagoela egiteko aipatu zuten, eta gaur egun gizarte justu batean bizi garela dioen jendeari mezu bat bota zioten: “agian pentsatuko dute herri justu eta demokratiko honetan bizioz egiten dugula protesta. Ba entzun dezatela ondo: horrelako galderek, komentarioek eta jarrerek azpimarratzen dute bereizketa; oraindik batzuk ikusi ere ez dutelako egiten gizartearen erdiak egunero emakume izateagatik jasaten duen zapalkuntza.”

Zestoako Txoko Feministako kideen iritziz, gaur egungo gizarteak “erroko aldaketa” bat behar du, “erroko aldaketak feminista izan beharko du. Batu zaitez borrokara. Batu zaitez aldaketara. Feminismoak egingo gaitu herri.” Esaldi horrekin eman zitzaion amaiera ekitaldiko hitzartzeei. “Zutik emakumeak” abestuz amaitu zen ekitaldia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide