Albisteak

Festa giroa nagusituko da asteburuan

Ate joka ditugu Amabirjinak eta gaurtik igandera bitartean izango da zertaz gozatu herrian. Gaur iluntzean, Zestoako Rock Astearen baitan antolatutako  Minileok’k eta Leize taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da 22:30ean hasita, Laranjadi plazan. Ondoren, herriko rock taldeen bideo, bideoklip eta ikus-entzunezkak izango dira ikusgai pantaila handian.

Bihar, larunbata, egun osoko festak hartuko du Zestoa. Eguerdian, “Antton Zestura. Preso, iheslari eta deportatuak kalera” herri bazkaria egingo dute plazan. 18:00etan, XXXIII. Ondarbasora Igoera jokatuko da. Iluntzeko 23:00etatik aurrera, Leok’k eta Grises taldeen kontzertuak plazan.

Igandean, berriz, urtero legez, herriko edadetuei oroigarriak eskainiko zaizkie San Joango ermita atarian. Aurtengo omenduak Guadalupe Legardaereño Larrañaga eta Antonio Regil Irureta izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 87 eta 88 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie.

 

Hemen duzue asteburuko egitaraua osorik:

ABUZTUAK 31, OSTIRALA

22:30. Minileok‘k eta Leize, Laranjadi plazan.

23:30. Bideo emanaldiak Laranjadi plazan. Herriko rock taldeen bideo, bideoklip eta ikus-entzunezko emanaldiak pantaila handian.

 

IRAILAK 1, LARUNBATA

14:00. “Antton Zestura. Preso, iheslari eta deportatuak kalera” herri bazkaria plazan.

18:00. XXXIII. Ondarbasora Igoera. Erdikaletik Ondarbasoraino erlojupeko txirrindulari lasterketa, 16 urtetik gorakoentzat.

20:00. Ondarbasoko igoeraren sari banaketa, Laranjadin.

23:00. Rock ospakizuna Laranjadi plazan. LEOK’K taldeak, rock musika jorratzen 50 urte diharduela eta, Infintuari segika bere hirugarren diskoaren aurkezpena egingo du. Era berean, taldearen ibilbidean partaide eta kolaboratzaile izan dituen musikari guztiek parte hartuko dute.

01:00. Grises.

 

IRAILAK 2, IGANDEA

10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.

12:00. Meza Nagusia, Milagrosa kaperan.

13:00. Herriko edadetuenei oroigarriak eskainiko zaizkie San Joango ermita atarian. Aurtengo omenduak Guadalupe Legardaereño Larrañaga eta Antonio Regil Irureta izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 87 eta 88 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.

14:30. Bazkaria Bainuetxean, Oñatiko Txomek alaituta.

17:30. XX. Arraza libreko ardi txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurre aldean.

19:00. Dantzaldia Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin, Laranjadi plazan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide