Albisteak

Festetako ostiralean izango da kuadrilla eguna

Gaur arratsaldeko 17:00etan, kuadrillek eskatu eta Udalak deitu bezala, Udaletxeko areto nagusian bildu dira Udal ordezkari nagusiak eta paellan parte hartzen duten kuadrillak, zekorketen inguruko datei buruz eztabaidatzeko.

Udal agintariek hitza eman diete kuadrillei, eta hauek galdera nagusia eginez hasi dute bilera, hau da, irailak 8, larunbateko zekorketa ea ostiralera, irailak 7, aldatzerik badagoen. Udal gobernuko ordezkariek erantzun dute esanez,  “Amabirjin egunean beti egin izan dela zekorketa eta tradizioa ukitu ezin den gauza bat dela, beraz, horrela izaten jarraituko duela”.

Kuadriletako ordezkariek, “paella tradizio handiagoa ari dela hartzen” esanez erantzun diote agintariaren hitzei. Paella, “festetako ekintza garrantzitsuena eta jendetsuena” dela esan dute eta festa batzordearen gehiengoaren iritzia kontuan hartzea eskatu diote Udalari, “festak norentzat dira, zuentzat ala herritarrentzat?” galdetuz.

Ez da, ordea, bi ekintza hauen daten inguruan eztabaida hau sortzen den lehendabiziko urtea. 2007 eta 2012 urteetan ere Amabirjin eguna, irailak 8a, larunbata izan zen eta bi kasu hauek ekarri dituzte gogora bileran. Josetxo Mendizabal alkateak esan du 2012an zekorketa Amabirjin egunean mantendu zela, orduan Bildu zegoela agintean eta ez zela horrelako iskanbilarik sortu; kuadrillen ordezkariek erantzun dute esanez kasu horretan erabakia festa batzordean hartu zela, ez zuela Udalak bere kabuz erabaki.

Zekorketak larunbat eta igandean izango dira

Udalak, ordea, zekorketak irailaren 8a eta 9an izango direla berretsi du, jada ezin direla mugitu, beraz, “elkarlan bat” egin behar dela adostasun batera heltzeko, ekintza guztiak bere lekua izan dezaten.

Honenbestez, zekorketak egunez mugitzeko aukera baztertuta, kuadrillek aurreko bileran adostu bezala,  paella ostiralean izango da. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegia erabilgarri ez dagoenez, Udalak alternatiba bat eskainiko du. Horrez gain, kuadrillek zekorketa orduan beste ekintza bat jartzea eskatu diote Udalari, zekorketek festetako bi egun nagusietako arratsaldeak hartzen dituztela ikusita. Udalak esan du prest agertzen dela diruz laguntzeko, beti ere antolatu nahi den ekintza hori aldez aurretik aztertuta.

Azkenik, udalburuak onartu du formak ez direla egokiak izan, “inposaketa forma hau ez da egokiena, baina eginda dago. Erabakia festa batzordean hartuko balitz, demokratikoagoa izango litzateke”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide