Albisteak

Galiziako Cies uharteetan ospatuko den Rande zeharkaldian hartuko du parte Ion Ulaziak

Zazpigarren aldiz antolatu duten Rande trabesia ekainaren 16an jokatuko da. Bost koloretako taldeak daude eta talde urdinean aterako da Ion Ulazia, azkarren egiten dutenen taldean (1:20). Guztira 95 igerilarik hartuko dute parte 27km-ko zeharkaldian.

Oso maila handiko igerilariek hartzen dute bertan parte. Ibilbidearen luzerak, korronteek eta uraren tenperatuak (13-15 gradu) zeharkaldi hau oso zorrotza egiten dute. Baina, horrexegatik, segurtasuna oso garrantzitsua da eta igerilariei laguntzen 35 kayak egongo dira, dozena bat inguru itsasontzi eta 150 bat bolondres. Igerilari guztiek boia bat eraman beharko dute eta baita geo-lokalizatzailea ere.

Cies uhartea eta San Simon uhartea arteko ibilbidea hiru zatitan bana daiteke; lehena, Cies irlatik Borneirako boiara, 10 km inguruko zatia, hortik igerilariak Rande zubira zuzenduko dira (22. km) eta bukatzeko San Simon irlako kalan sartuko dira, 27km-k osatuz.