Garabien liraintasuna

Igandean Danbolineko “Asteko argazkian” jarritako nire irudiak hizketa-gaia eman zigun udal aparejadorea eta bioi. Hari ez omen zaizkio batere gustatzen, oro har, burdinazko egiturak. Hara! eta niri, berriz, ikaragarri. Ez gara horregatik haserretuko, ordea, alajaina! Ez baitu berdin-berdin pentsatzeak sortzen lagunarteko kimika: bereizten gaituenaren gainetik elkartzen gaituena indartzeak baizik.

Nik neuk aspaldi-aspalditik ditut gustuko burdinazko egiturak. Edo, zehatzago esanda, klase guztietako egiturak. Esate baterako, gotiko garaian harrizko nerbio haien bidez egindako egiturak ederrak dira benetan, herriko hiru parrokiatan ikus daitekeen bezala. Baina nik igandean jarri nuen irudiaren antz gehiago dute egurrezko egiturek; garai batean aldamioak egurrezkoak izaten ziren eta zein ederrak diren argazki zaharretan ikusten direnak (esate baterako, eliza bat egiterakoan erabili ohi ziren egitura konplexuak). Duela urte batzuk Krakoviatik hurbil, Wieliczka-ko gatz meategiak bisitatzera joan nintzenean, zeharo txundituta geratu nintzen: han baziren, Zestoako eliza baino gela handiagoak, dena egurrezko egituraz eutsita zeudenak, zuriz margotutako egiturekin, ederrak baino ederragoak. Gurean, egurrezko egitura aipagarri ia bakarrak baserrienak dira –horiek ere, gero eta gutxiago– eta ia oraintxe arte, barrerak.

XIX. mendean, burdinazko egiturak egiten hasi zirenean, benetako iraultza gertatu zen eraikuntzan. Ordura arte imajina ezin zitezkeen tamainako etxeak egiten hasi ziren burdina forjatuzko egiturez baliatuz. Orduan sortu ziren etxe-orratzak, burdinazko zubiak (Portugalete, Ormaiztegi eta, neurri apalagoan, Zumaia), tren geltokiak (Donostia), Eiffel dorrea eta horrelakoak… Niri zoratzerainoko gozamena eragiten didate, berriz, garai haietako negutegi erraldoiak, Zestoako eliza baino handiagoak, burdinaz eta kristalez eginak: Laeken-go Errege-negutegia (Belgika), Kew-ekoa (Britainia Handia), Lorategi Botanikoa (Valentzia)… Burdinak eta kristalak sekulako arintasuna ematen die eraikuntza horiei eta barruan tamaina handiko zuhaitzak eta landareak daude babestuta.

Gaur egunera etorriz, berriz, eta urrutira joan gabe, interes berezia sortzen dit, esate baterako, hilabete hauetan Anoeta estadioan eraikitzen ari diren egitura metalikoak.

Baina oso goi mailako adibideak jarri ditut eta ez dago horiekin konparatzeko moduko ezer hemen gure inguruan. Badira, ordea, egitura txikiagoak eta horiek ere oso xarmagarriak zaizkit. Asko gustatuko litzaidake ikustea, adibidez, kiroldegiaren sabai zatar horren gainetik legokeen egitura. Asko gustatzen zaizkit industri-lantegietako teilatuei eusteko burdinazko egiturak. Ederrak iruditzen zaizkit Hernanitik Gatikara doan argindar lineako posteak, gure garaian “Mazinger” izenez ezagutzen genituenak (70eko hamarkadako marrazki bizidunetako robot erraldoi bat zen Mazinger Z). Azkenik, ederrak iruditzen zaizkit eraikuntzan erabiltzen dituzten garabiak, esate baterako, orain plazan daukaguna. Baita aldamioak ere.

Arintasuna da, nire ustez, egitura horiek eder egiten dituen elementu bat. Ez da gauza mazizo bat, pisutsua, harrizkoa bezala. Geometria edo linealtasuna da da beste ezaugarri bat (linea finak eta zuzenak). Eta, azkenik, edertasuna ematen dion beste arrazoi bat da, nola uztartzen den inguruko elementuekin. “Mazinger” bat oso elementu arrotza da baso batean edo zelai batean, baina eskultura itxura hartzen du eta harreman berezia sortzen du inguruarekin. Haize-errotak bezala: arrotzak dira baina, nire gusturako, ondo ematen dute paisaian (izugarrizko piloa ez badago, jakina). Garabiek ere horixe dute: harri beltzeko horma batean landarea ateratzen den bezala, etxe multzo baten erdi-erdian garabia “ernetzen” da, luze-luze, elementu bitxi baten modura. Etxeen altueratik gora luzatzen den zera “arraroa”.

Efektu horixe bera egingo zuen, askoz lehenago, Zestoako kanpandorre barroko horrek, Zestoan pisu bakarreko etxeak besterik ez zeudenean, edota Loiolako basilikak Iraurgiko zelai zabalaren erdi-erdian. Baita, eskala txikiagoan, mendi gailurretako gurutzeek eta abarrek ere.

Orain, berriz, sekulako eztabaida sortu da Portaleko aldapan egin duten egitura metalikoa (igogailua) dela-eta, besteak beste, ondoko etxea ikaragarri zatartzen omen duelako. Bere garaian, asmatu egin zutela iruditu zitzaidan Portaleko etxeari egurrezko erremate beltz hori jarri ziotenean; edo Ekainberriko bulegoaren aldean hormigoia bistan utzita hain ausart jokatu zutenean. Hain zuzen ere, uste dut zaharra eta berriaren arteko elkarrizketak ematen diola interesgarritasuna etxeari.

Ezin dut hemen iritzi borobil bat eman igogailuaren kontuan: asmatu, bistakoa da ez dutela asmatu, baina kantariak zioen moduan bihotza erdibitua daukat. Hausnarketa gehiago behar dut. Beste batean beharko, beraz.

 

PD. Nik hemen arlo estetikoa bakarrik aipatu dut. Beste upeleko sagardoa da igogailua beharrezkoa ote den Idiazpi-Zubimusuko mugikortasun arazoak konpontzeko (Jubilatuen elkartea eta auzokideak, esate baterako, oso isilik daude, eta Udalak ere ez digu adierazi nolabaiteko azterketarik egin ote duen). Horrez gain, beste kontu bat da beste leku egokiagorik ez ote zegoen horrelako obra bat egiteko. Ba daude ni baino aurreragokoak bi gai horien inguruko iritzia emateko.

Argazkia: “Mazinger azpitik”. Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide