Garai bateko dendei esker, zestoarrok irekiago

Irudi honi begira, orduak eta orduak egon daiteke; begira-begira, irudiarekin solas ederrean. Hainbeste gauza dauzka guri kontatzeko!

Ezer baino lehen esan behar da irudi publizitarioa dela eta gaur egungo publizitate gehiena bezala, pixka bat engainagarria (horrelako zabaltasuna al zuen guk ezagutu genuen ile-apaindegi hark?). Irudia postala da eta herriko ikuspegiak zituzten beste postal haiek bezala, hau ere, zigilua, helbidea eta testutxoa jarri eta bidali egin zitekeen. 1930eko hamarkadan inprimatua da “Arte – Bilbao” inprimategian.

Ni baino zaharragoek, edozeinek dakite zein zen Santiago (Santiago Sagarzazu, guk ezagutu genuen Eduardoren aita) eta badakite, halaber, gu txikiak ginen arte emakumezkoei zein gizonezkoei eskaintzen zizkietela beren zerbitzuak. Jakinekoa da, baita ere, non zeukaten ile-apaindegia: Erdikalean, udaletxearen kontrako etxean, garai batean bainuetxearena eta gaur egun Zubia familiarena den etxe horren behe solairuan. Bada, argibide horiek eman ondoren, segi gaitezen irudiarekin solasean.

Lehendabizi, esango nuke, garai hartako ile-apaindegi baten nondik norakoak nahiko zehatz irudikatzen dituela. Ezer baino lehen, garai hartan, modan zeuden orrazkera klaseak, izurtzeak edo “ondulazioak”. Permanentea XX. mende hasieran asmatu zen Alemanian eta, 30eko hamarkadarako, oso modan zegoen hiri handietan eta gurea bezalako herri turistikoetan. Ez naiz ni egokiena permanenteaz hitz egiteko (beti eskatzen diot Karmele nire lagunari egunen batean permanentea egin behar didala baina erronka handiegia iruditzen zaio nonbait); esaten nuen ez naizela ni egokiena permanenteaz hitz egiteko, baina hor, fondoan, zintzilik ikusten den tramankulu hori erabiltzen zen ilea berotzeko eta permanentea egiteko. “Ondeado Marcel”, berriz, tenaza edo pintza berotuen bidez egiten zen orrazkera klase bat zen (gaur egun ere egingo da, seguruenik; ez dakit).

Jakina, gizonak gauza xumeagoekin konformatu beharko zuten baina haiek ere bazituzten aukerak: labanaz, guraizez, makinaz…

Eman begiratu bat pote eta objektuei. Horietako asko, ia itxi zuten arte han ezagutu genituen. Eta lekua bera ere ez zen gehiegi aldatu 1930eko hamarkadako irudi honetatik.

Irudiak beste gauza bat ere ekartzen digu gogora: 1992an edo 1993an, Arantxa Lazkano zinegilea Urte Ilunak filmeko pasarte batzuk grabatzera etorri zenekoa. Eduardoren ile-apaindegia aukeratu zuen eszena batzuk grabatzeko. Merezi zuen, bai, lokal harexek –orain irudian ikusten dugun honexek– zeluloidean jasota gelditzea betirako. Gerra ondorengo Euskal Herrian, Itziar, zortzi urteko neskatoa, bi mundu desberdinetan bizi da: batetik daude guraso abertzaleak, izututa eta ilusiorik gabe gerra galdu ostean, eta horrekin batera mojen eskolako heziketa gogorra; bestetik, kalea eta bere lagunak, eta han aurkitzen da zoriontsu Itziar. Pelikulak halako inflexio puntu bat du: Itziar umetatik neska koskor izatera pasatzen den unea. Orduantxe ageri da gure herriko ile-apaindegia. Umea Eduardoren ile-apaindegira sartzen da eta ederki ikusten da lekuaren xarma; handik segundo batzuetara Eduardoren eskuen hurbileko planoa, haren dotorezia ilea mozterakoan, eta berehala plano zabalagoa: beste garai bat da, Itziar neska koskor bilakatu da.

Irudiak hirugarren gauza bat ere transmititzen digu: gaur egun desagerturik dauden hamaika establezimenduren xarma eta nostalgia. Edertasun handia dute, bai, orduko irudietan ageri diren establezimenduek: perfumeak, klase guztietako potetxoak, etxean aurkitu ezin genituen ispilu handiak (gaur egun edonon ikusten dira ispilu ikaragarriak baina orduan gauza berezia zen), tresneria berezia, eserleku berezi horiek, azulejoz estalitako horma eta zoruak ia-ia kirofano bateko higienea irudikatuz… Eta, hortik haratago, tertulia, solasaldi ederrak, kontakizun desberdinak eta mundu berriak, inguruko herri “atzeratuagoetan” ez bezalako konbertsazio klaseak, gure mentalitatea “irekitzen” lagundu ziguten esperientziak (esperientzia, edo hobeto, “esperience”-a, orain hain modan dagoen hitza)…

Beti pentsatu izan dut, eta historikoki ere erraz frogatu daitekeela uste dut, zestoarrok inguruko herrietako jendeak baino pentsaera irekiagoa eduki dugula; irekiagoak izan garela garaian garaiko berrikuntzak eta ideia berriak asimilatzeko eta geure egiteko. Hori bainuetxeari eta turismoari esker izan da, gehienbat, baina ile-apaindegi honen moduko establezimenduei esker zabaldu da herrira. Esan nahi dut herriko dendak eta establezimenduak kanpotarren ikuspegi berrien transmisore papera jokatu dutela eta, aldi berean, geure ikuspegia transmititzeko ere balio izan dutela, hau da, elkarrekin komunikatzeko.

Peluqueria Santiago” postal hau eskueran neukalako, honi eskaini diogu arreta gehien, baina beste makina bat horrelako establezimendu izan dira herrian, nik orain ez ditudanak aipatuko, denak ez gogoratzeagatik batzuk besteak baino nabarmenago jarri nahi ez ditudalako. Baina haiei guztiei –eta gaur egungoei ere bai, jakina– eskaini nahi diet artikulutxo hau. Bejondeizuela!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide