Garai bateko ohitura gogoan…

Atzo goizean Mikel Irure ikusi nuen baldetxo bat eskuan zuela. Gizon honek ez du azalpenik behar, denok dakigu nor den, herriko haurretatik hasi eta jubilatuek ere bai. “Baziak orain ere hau isil-isilik zerbait egitera” pentsatu nuen nire baitan eta galdetu gabe ezin ba gelditu. Baldearen barruan bi pintura poto txiki zituen, bata zuria eta bestea urdina eta bakoitzaren barruan brotxatxo bat, koloreak nahastu gabe, txukun!

Ertxiña mendira bidea ondo markatzera zihoala esan zidan, jendea nahastuta ibiltzen dela, markak gaizki daudela… Akoa aldera igo zen eta han galtzada aldera hartu beharrean, ezkerraldetik Ertxiñako bidean gora, betiko bidean aurrera ezkutatu zen.

Agurtu arretik esan zidan kontatu nahi nizuena ordea. Garai batean, Agiro Mendi Taldea sortu aurretik, atzoko egunez, Pilarika egunez, mendi puntetako gurutzeak margotzen omen zituzten zuriz, Ertxiñako gurutzea, Izarraizko Zestoako gurutzea… Bera eta bere modukoak, gazteenak izaki, igotzen omen ziren gurutzeen puntetara. Tartean gure osaba Joxe “Attola” ere izaten zela kontatu zidan. Gero parrandatxoa egiten omen zuten, lanaren sari modura. Polita iruditu zitzaidan, ez genuen gehiago sakondu, baina, nik uste dut ohitura hura gogoan hartuta zihoala Mikel behetik gora.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide