Garizumako kontuak.

 

 

 

 

 

 

 

Idatzi hau lehen ere argitaratu  nuen paperezko Danbolin aldizkarian eta  batek baino gehiagok irakurrita izango duzue  seguruenik, baina Aste Santu inguruan gaudenez, berriro argitaratzea pentsatu dut  atal honetan. Irakurle berriak ere izango dira seguruenik eta lehen irakurri duenak ere, berriro garai haiek  gogoratzea atsegina izango duelakoan alegia.

Argazkian ikusten den irratiak eragin handia izan zuen nire gazte garaian eta  bizi da oraindik, baita ere, berau entzunez, gure sukalde zaharrean jaso nituen   oroipen zoragarriak.

Garizuma Aizarnan

Aste Santua aurreratuta etorri da aurtengo egutegian. Eguberrietan jan genituen turroiak digeritzen ari ginela, ohartzerako sartu ginen Karnabaletan. Sasi koipetsu, mozorroak eta karrozak ikusteraino iritsi gara aurtengoan, beraz jai hauek gero eta erakargarriagoak dira Aizarnan.

Nire gazte garaian ez zuten tokirik jai hauek, sasikoipetsu egunari dagokion txorizo erretzeko ohitura izan ezik eta Karnabalekin duten loturaren aztarnarik gabe gainera. Nik hala ezagutu nuen behintzat.

Guraso eta adineko jendeak aipatzen zituzten atzerrian ospatzen ziren Karnabalak, beti jai hauek gaiztakeriari lotuta zeudela erakutsi ziguten gainera, lapurretak, bortizkeriak eta jainkoaren aurkakoak zirela ere bai. Hauek entzuten genituen eta normala, txikitan jai hauek etsaiarekin lotu eta memorizatu izana.

Memoriak aipatzean esango dut, ez dudala garai haietako mozorro eta jaien irudirik buruan, baina orain kontatuko ditudanenak bai eta hobe kontatzea ahaztu baino lehen.

Nire haurtzaroko Karnabalak, Hausterre egunean hasten ziren. Lehenbizi mezetara eta kopetan margotuta genuen gurutzearekin pasatzen genuen eguna etxeratu arte. Etxean bagenuen irrati eder distiratsu bat, sabaian zegoen bonbillak baino argi gehiago egiten zuena eta egun horretan estaltzeko zuen zapi loretsua, itxi eta lotu egiten zuen amak. Arrosario eta meza santua entzuteko izan ezik, ez zuen irekiko zapia, honela lotuta pasatzen zuen gure irratiak garizuma osoa. Beraz agur berrogei egunetan Egañazpiren trikiti, “Matilde Periko y Perikin” irrati saio, eta bazkalostean Segura irratian eskaintzen ziren diskoak.

Garizumak berekin zituen “ejerzizioak” ere. Nik adinik ez nuen horretarako baina gogoan dut ohera sartzerako txikiak belauniko egiten genituela otoitzak, eta ezustean beste anai zaharragoak ere era berean ikusten nituen otoitzean. Laster konturatu nintzen “ejerzizioen” eragina zela, baina egoera honek ez pentsa luzaro irauten zuenik, berehala etortzen ziren urak bere lekura.

Haurtzaroko egoera bera jarraitzen zuen urte batzuk geroago ere, etxean irratia isilik, kalean doinu hotsik ez, erromeriak aipatu ere ezin egin eta bijili ugari egin behar. Tabernan berriz karta jokoan egitea oso gaizki ikusia zegoen, kartak eskatzen bazenituen laster gogoratuko zizuten garizuma garaia zela.

Garizuma tristea zen niretzako eta Aste Santua zer esanik ez. Erramu egunean hasten nintzen tunel ilunean argi izpiak ikusten. Egun hau entretenigarria izaten zen, eztabaida gogorrak egiten genituen zein baserriko erramua zen handiena erabakitzeko garaian, ia-ia lehiaketa ere bazen. eta larunbat gaueko meza ondorena gero eta gertuago ikusten genuen.

Aste osoa elizara begira pasatzen genuen, prozesioak, elizkizun tristeak eta kalbarioak, izen bera duen ermitaraino igoaz. Hau dena beti Jesusen gurutzea bizkarrean genuela, geurea nahiko ez balitz bezala. Musulmanak ” Ramadana”, Kristauak, garizuma. Zertarako arau eta garai triste hauek?Fedean bizi eta Jesusen jarraitzailea izateko, ez dut uste eguneroko alaitasuna goibeldu behar denik, hau egitea bera dela bekatu esango nuke. Dena den urte garai triste eta goibel haiek aspaldi xamar desagertu ziren Aizarnatik. Orain oporrak, bidaiak eta jai alaiak hartu dute beren lekua eta ez dut uste inoren kalterako izan denik.

Jon Egiguren.