Albisteak

Gaur arratsaldean egingo du Atzegik aurtengo kanpainaren aurkezpena

Gaur arratsaldeko 19:00etan Azpeitiko plazan aurtengo Atzegiko kanpainaren aurkezpena egingo da. Bertan izango dira Zestoako Atzegiko kideak ere.

Aurtengo kanpainak, “Gure txanda da” lelopean, helburu bikoitza du: Alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea, eta bestetik, boluntario izateko aukera berriak aurkitzea.

Atzegin nabari dute geroz eta pertsona gehiago hurbiltzen zaizkiela boluntario izateko interesarekin. Adimen desgaitasuna duten pertsonak dira eta askok boluntariotza esperientzia puntualen bat izan dute eta errepikatu nahi dute edo eta beste zeregin egonkorragoa bat bilatu.

Badira urte batzuk hainbat erakunderekin elkarlanean ari direla (Elikagaien Bankua, Lilaton-a, Ehunmilak edo San Silvestre desberdinak). Kolaborazio horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntario izateko esparruak zabaldu nahi dituzte eta honela pertsona gehiagori aukera eskaini.

Aurreko urteko kanpainarekin profil ezberdinetako pertsonei gonbita luzatzen zitzaien ATZEGI barruan boluntario izatera animatzeko. Aurtengoak, aldiz, boluntariotzari buelta bat emanez, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna erakutsi eta, #Guretxandada lelopean, jasotako laguntza bueltatzeko aukera bilatzen du.

Atzegitik boluntariotza inklusio modu bat dela uste dute, zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezaketela. Baliagarri sentitzeko eta besteei laguntzeko grinak ilusioa eta ahalegin handia jartzera eramaten ditu eta diote “boluntariotza gizarte parte-hartze eta normalizazioaren adierazle bada, zergatik ez dira boluntario izango?”.

Kanpaina honen bitartez boluntariotza bera inklusiorako bide bat dela ikusten da. Hau da, pertsona horiek duten desgaitasuna edozein delarik ere, gure gizarteari ekarpen baliotsua egin diezaioketela.

Boluntarioekin lan egiten duten erakundeei deialdia

Ez dute aukera galdu nahi izan boluntarioak dituzten erakundeei deialdia egiteko. Orain arte izan dituzten esperientziak oso positiboak izan dira bi aldeentzat. “Atzegin prest gaude erakundeen beharrak aztertzeko, jarraipena egiteko eta sor daitezkeen boluntario lanetan laguntzeko” diote.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide