Gazte suharren moduan

Aspaldi, Harluxet entziklopedian, “intsumisio” hitza kontsultatu nuen aurreneko aldian, izugarrizko poza hartu nuen, hitz hark zekarren irudian zestoar mordoxka bat ginelako protagonistak: Arkaitz, bi Arretxe, Unai Kanka, Apolio, Ana Lizaso, ni neu… Intsumisioaren alde Donostian 1996ko martxoan egindako manifa baten argazkia da. Baten batek esango dit orain ere “batallitak” kontatzera noala eta halaxe da; zahartzen ari garen seinale. Gaurko gazteek ez dute soldaduska zer zen aztarnarik ere, eta zaila egingo zaie imajinatzea.

Eman dezagun 18 urteko mutikoa zarela. Udaletxera joateko karta iristen zaizu etxera, zure adineko gainontzeko mutil guztiei bezala. Han, oso gutxitan ikusi dituzun pertsonak daude zure zain; oso zaharrak, zure iritziz, nahiz eta ez dituzten 40 urte baino gehiago edukiko. Galtzontzilotan jartzeko esango dizute, eta pisatu, altuera eta bular aldea neurtu eta osasun azterketa xume bat egingo dizute. Esan behar dut, parentesi moduan, gaurko gazteak zeharo ohituak egongo direla gorputza horrela erakustera (kirola, hondartza…) baina gure garaikooi ez zitzaigula hain erosoa egiten. Kontua da hori guztia egin ondoren, zure izena zozketa batean sartuko dela eta han erabakiko da, hilabete batzuk pasa eta gero, nora tokatu zaizun (niri, esate baterako, Ceutara, Afrikara, tokatu zitzaidan).

20 urte egindakoan, tokatu zitzaizun leku hartara joan beharko zenuen eta han kuartel batean bizi beharko zenuen; gazte jendeak ulertzeko, gaur egungo aterpetxeen moduko toki batean. Hori bai, diziplina zorrotza jarraituz; ordutegi oso zorrotza eta agintariei zuzen obeditu behar… Gaztiguak gauza arruntak izaten ziren eta ia beti krudelak, umiliagarriak eta neurriz kanpokoak. Edozer gauzatxok ekar zezakeen gaztigua: botak pixka bat zikinduta edukitzeak, ohea egiterakoan zimurtxoren bat uzteak, alkandora zimurtuak…

Lehenengo hilabetetan Instrukzioa izaten zen: entrenamenduak, diziplina, armak erabiltzen ikastea… Gero, segun eta zein eginkizun tokatzen zitzaizun, pasa zenitzakeen hilabeteak –soldaduskak urtebete pasa irauten zuen– komun garbitzen, sukaldean, ganaduari simaurra atera eta jaten ematen, igeltserotzan… Ikasketaduna bazinen, berriz, bulegoetan, goi kargudun baten morroi…

Soldaduskara joan den bakoitzak ditu bere abenturak eta bizipenak, batzuetan gogorrak baina badira oroitzapen eder askoak dituztenak ere, baina ez ditugu hemen kontatuko.

Soldaduskak eten egiten zizun, erabat, zure bizimodu normala: dena jende berria zen, leku berria, etxetik urrun, diziplina gogorra… Baina batez ere, soldaduskak balore oso eztabaidagarriak bultzatzen zituen: gerra izpiritua, inposaketa, zapalkuntza, militarismoa, horrelako baloreak.

Gutxi batzuk, gu baino zaharragoko batzuk, ez joatea erabakitzen zuten eta kartzelarekin ordaindu behar izaten duten. Guri iritsi zitzaigunean soldaduskara joateko unea (1987), ezetz, ez ginela joango esan genion Gobernuari, eta Kontzientzia Eragozle egin ginen. Gero eta jende gehiago ginen, milaka mordoxka bat, eta taldeetan antolatzen hasi ginen (MOC, Movimiento de Objeción de Conciencia, zen estatuan nabarmenena). Soldaduska egin nahi ez genuenontzat, ordea, Ordezko Zerbitzua jartzea erabaki zuen Gobernuak. Gu erabat kontra geunden, zeren, azkenean, Ordezko Zerbitzua soldaduska apaindua zen; armarik gabe baino balore berberak bultzatzen zituena. Nolanahi ere, ezin denentzat Ordezko Zerbitzurik antolatu eta 1988an amnistia eman ziguten 22.000 gazteri, alegia, libre geratu ginen.

Handik gutxira, Intsumisio mugimendua sortu zen: ez soldaduskarik, ez ordezko ezer. Sua piztuta zegoen, jende asko borrokarako prest. Urte gutxiko bizia zeukan ehunka urte iraun zuen soldaduskak (1996an eten egin zuten betirako derrigorrezko soldaduska).

Bi familia ideologiko ginen hemen soldaduskaren kontra: Kakitzat talde antimilitaristakook “Soldaduskarik ez” aldarrikatzen genuen. Jarraik, ezker abertzaleko gazteriak, berriz, “Soldaduska honi ez” esaten zuen (zeini bai?). Jarraikoek ezin zuten begi onez ikusi, nonbait, bakezaletasun usain gehiegizkoa zeukan saltsa hura. Uste dut denborak guri eman digula arrazoia. Edadean aurrera noala, gero eta gutxiago ulertzen ditut militarismoak: Orain Sirian egiten ari direnak, Israelena, Kataluniako errepresioa. Eta, ahaztu gabe, ETArena. Zenbat hildako, zenbat sufrikario…!

Horiek denak ikusita, atzera egiten duzu eta zeure buruari esaten diozu: “Han egon ginen gu, mundu hobe baten alde borrokan, gizakiaren alderik onena aldarrikatzen”. Ez dakit zenbat aurreratu duen munduak ordutik baina, gazte suharren moduan, saiatu ginen. Eta ez naiz damutzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide