Paperekoa

GELDITU DIRA MAKINAK

Hirurehundik gora etxebizitza daude maizter eske Zestoan. Guztira, 1.748 pisu dauden herrian, %18,47 hutsik. 2006an 163 etxebizitza eraiki ziren eta, harrezkero, bakarrik 63 berri egiteko baimena eman du Udalak. Baina arazoa ez da eskari falta.

Etxebizitzen negozioak aspaldi jo zuen behea. Etxebizitzak, goxotegi batean goxokiak bezala, saldu eta erosten ziren garaiak aspaldi pasa ziren. Banketxeek kreditu “itzulezinak”, erraz-erraz, ematen zituzten garai haiek ere bai. Baina Zestoa izan al da horren lekuko? Gure herrian, edo zehatzago esanda, herriko hirigintzan edo herritarron poltsikoetan, izan al du eraginik etxebizitzen negozio puztu hark? Artikulu honen xedea da etxebizitzaren negozioaren gaur egungo egoera aztertzea, mapa egitea, errealitatea azaleratzea. Horretarako, han eta hemen eskean jardunda, hainbat datu eskuratu ahal izan ditugu, puzzlea osatzeko lagungarri izango zaizkigunak.

 

Hamarretik bi etxe, hutsik

Datu ofizialen arabera (eta garrantzia eman nahi digu “ofizial” hitzari, gai honetan ere iruzurrik bada eta) 1.748 etxebizitza daude Zestoa osoan. Kontuan hartuta, herriak 3.750 biztanle inguru dituela, biztanleen ia erdiak (%46,61) etxebizitza bat duela esan dezakegu. Baina, jakina, etxebizitza denetan ez da jendea bizi: 323 etxebizitza daude hutsik, alegia, %18,47a (berriro digu, Udalak, datu ofizialen arabera, emandako informazioa aintzat hartuz).

 

2006an, 162 etxebizitza egiteko baimena eman zen

Baina galdera zera da: atzeman al daiteke Zestoan etxebizitzaren merkatuak izan zuen puztualdi haren arrastorik? 2000. urtetik hona, hau da, azken hamabost urte hauetan, 392 etxebizitza altxa dira guztira edo, behintzat, altxatzeko baimena eman du Udalak. Nabarmenena 2006an gertatutakoa da, izan ere, orduan eman baitzen 162 etxebizitza berri eraikitzeko baimena (alegia, 2000tik hona eraiki diren etxebizitzen ia erdia –%41,32–). 2006tik 2010era arte, beste 63 etxebizitza berri eraikitzeko baimena eman du Udalak. Azkenak, Elizkalean eraiki ziren hiru etxebizitzak izan ziren. 2010etik hona ez da etxebizitza berri bakar bat bera ere eraikitzeko baimenik eman, ezta eskatu ere. Gaizka Perosterena Udaleko arkitektoak azaldu du etxebizitza berririk ezetz, baina baserriak eraberritzeko eskaerak izan direla bera lanean diharduen azken hamar hilabeteotan. Bestalde, esan digu badela gaur egun bere garaian lizentzia eskatu eta oraindik bizigarritasuna eskuratu ez duen eraikinik (bizigarritasuna da behin etxea eraiki ondoren, bertan bizi ahal izateko behar den baimena). Egoera horretan egon litezke, esate baterako, Guztiok Bat zeneko eremua (oraindik bukatu gabe) eta Arroabeko zementu fabrika zeneko gunean eraikitzeko emandako lizentzia (lizentzia izan arren eraikitzen hasi gabe daude).

Datuek erakusten dute, beraz, etxebizitzaren merkatuak izan zuen puztualdian Zestoa ere ez zela kanpo geratu.

 

Etxebizitzen merkatua puztu eta puztu

Baina zertaz ari gara puztualdiaz hitz egiten dugunean? Labur eta modu pedagogikoan azalduta, 2002. urterako etxebizitzen eraikuntza asko hasita zegoen. Orduan onartu zen lan-erreformak langileen lan-eskubideak murriztu eta behin behineko kontratazioa bultzatu egin zuen; ondorioz, asko sartu ziren eraikuntzan lan egitera. Era berean, askok jo zuten etxebizitza berri bat erostera eta, ondorioz, haien prezioak garestitu egin ziren. 2005erako etxebizitzaren merkatua puztu-puztu eginda zegoen, eta eraikitzen ziren etxebizitzen kopurua neurrigabekoa zen. Horrek etxebizitzaren prezioa are eta gehiago garestitzea ekarri zuen, nahiz eta soldatak ez ziren erritmo berean hazi (soldata igoerarik gabe eta, hala eta guztiz ere, lehengo doblea balio zuten pisuak erosten hasi zen jendea).

Baina nola gerta zitekeen halakorik? Banketxeek daukate zerikusia. Horiek kredituak lortzeko baldintzak erraztu egin zituzten, harik eta 2007. urtean sistema guztia zorpean geratu zen arte: bai administrazio publikoa, baita enpresariak eta familiak ere. Azkenean, 2008. urtean, AEBetako entitate finantziero batek behea jo zuen eta horrek mundu mailako lurrikara sortu zuen. Eta orduan, egun batetik bestera, banketxeek kredituak emateari utzi zioten, enpresak kaleratzeak egiten hasi ziren, hipoteka ordaindu ezin zuten familiak etxetik bidaliak izan ziren… Etxebizitzaren inguruan sortu zen burbuilaren kronologia kontuan hartuta egin daiteke paralelismorik Zestoan eraikuntzak izan duen bilakaerarekin.

 

Zestoa ere behea jota: aukera ona omen da etxea erosteko

Etxebizitzaren merkatuak izan duen bilakaera ez ezik, gaur egungo egoeraren erradiografia bat egiten ere ahalegindu gara. Horretarako, Caravan Park zeneko eta Gaztaño zeneko etxebizitzen jabeekin jarri da harremanetan. Horrez gain, beste iturri batzuk ere erabili ditugu, interneteko informazioa, esaterako, herriko etxebizitza eskaintzaren berri izateko.

Caravan Park zeneko eremuan eraiki ziren etxebizitzen sustatzailea Toarmendi S.L. izan zen. 2006an jaso zuten 32 etxebizitza eraikitzeko baimena, baina 2009ra arte ez zituzten amaitu. Gaur egun, Ormak taldea da saltzeke geratzen diren pisuak merkatura ateratzeaz arduratzen dena. Urte gutxiren bueltan Zestoan obra ugari egin zirela diote eta, gainera, krisi ekonomikoaren hasierako urteak suertatu zirela: “Horrek higiezinen edo etxebizitzen sektorea bete-betean kolpatu zuen”. Oraindik lau etxebizitza saltzeke omen dituzte, nahiz eta horietako baten salmenta hitzartuta omen duten. Esan digute hasierako urtetatik gaur arte pisuen prezioek behera egin dutela, nabarmen gainera: “Merkatuaren araberako prezioak mantentzen ahalegindu gara gu, finean, eskaintza eta eskariaren arteko orekak agintzen duelako”. Gaineratu digute eroslea ez dagoela prest krisi ekonomikoa baino lehenagotik etxebizitzek zuten prezioa ordaintzeko. Uste dute prezioek behea jo dutela, inflexio puntu bat eman dela. Ondorioz, etxebizitza bat erosteko une egokia dela azaldu digute.

Egun, ordea, etxebizitza bat erosterako, lehen baino azterketa gehiago egiten direla azpimarratu dute: “Krisi aurretik baino gehiago begiratzen da; ikusten diren etxebizitzak euren artean gehiago konparatzen dira eta prezioak ere gehiago aztertzen dira”. Gertatu den guztia gertatu ostean ere, Euskal Herrian alokatu baino nahiago duela jendeak etxebizitzak erostea diote.

Antzeko terminotan hitz egiten du Gaztaño zeneko eremuan eraiki ziren etxebizitzak saltzeaz arduratzen den Altuna y Uriak. 2006. urtean jaso zuten horiek ere etxebizitzak eraikitzeko lizentzia, baina 2010era arte ez zituzten amaitu: “Bere osotasunean ez, baina jada nabaritzen hasia zen krisiaren etorrera”, azaldu dute garai hartako testuinguru ekonomikoaz oroitzean. 25 etxebizitza ziren denera, eta hamaika geratzen zaizkie oraindik saltzeko (bat salduta eta kontratua sinatzekotan direla diote, eta beste baten salmenta hitzartuta omen dute). Prezioari dagokionez, %35-40 inguru egin du behera azken urteotan, baina Ormak taldeak adierazi digunez, egoera aldatzen ari dela uste dute: “2013 eta 2014. urteak oso txarrak izan dira, batez ere Urola bailaran, itxi beharrean aurkitu diren enpresen ondorioz. Zestoako kasuari gehitu behar zaio eskaintza oso handia zela. Baina azken aldian eskaria ere aktibatzen hasi da, eta horrela jarrai dezan espero dugu”.

Baina ez dira enpresak bakarrik arduratzen etxebizitzen salmenta edo alokairuaz. Partikular asko dira euren kabuz saldu edo alokatu nahi izaten dutenak, eta hainbatek internetera jotzen du negozioa egin asmoz. “Fotocasa.es” edo “Idealista.com” dira, esate baterako, etxebizitza bat saldu, alokatu, erosi edo alokairuan hartu asmo duten pertsonen topagune. Bertan bilaketa azkar bat eginda, Zestoako dozenaka etxe ikusi ditugu salmentan (oso zaila da zifra zehatz bat ematea, etxebizitzak errepikatu egiten direlako eta, hainbatetan, “inmobiliaria” ezberdinek etxe bera eskaintzen dute). Salmentan dozenaka, baina, aldiz, alokairuan daudenak ez dira hamarrera ere iristen. Horien prezioaz hitz egitea errazagoa da, gutxiago direlako eta, ondorioz, bataz-bestekoa erraz atera daitekeelako: 600 euro inguru ordaindu behar da Zestoan etxebizitza bat alokatu ahal izateko. Kopuru hori igo egiten da pisua herri-kaskoan kokatzen denean, eta jaitsi auzoetan bada.

 

Partikularrak: saldu, erosi, alokatu…

Salgai dauden etxebizitza guztiak ez dira, ordea, berriak edo lehen eskukoak. Badira pisuak, arrazoi ezberdinak medio, hutsik daudenak; maizter berri baten esperoan direnak. Antonio Vegaren kasua izan liteke. Badira hamarren bat urte Uztapide plazan duen pisua saldu nahi duela baina ez du zorterik izan gaur arte: “Bere garaian gurasoek erosi zuten etxea. Urte batzuk egin nituen bertan, baina ezkondu orduko alde egin nuen bertatik. Aita hil zenean, ordea, berriro itzuli nintzen etxera, eta bertan bizi nintzen neure etxea erosi nuen arte”. Gerora ama hil zitzaion, eta orduz geroztik da hutsik etxebizitza.

Saltzen jarri zueneko garaiak ekonomikoki oparoak zirela gogoratzen du: “Etxebizitza asko saltzen ziren, baina eraiki ere asko eraikitzen zen. Hasieran eskaintza asko jasotzen genituen, etxea erakusten genien… Baina inoiz ez zen salmenta gauzatu”. Azken urteotan, ordea, asko aldatu da egoera. Ez du apenas eskaririk izan, eta izan dituen aukera urriek ez dituzte ase bere nahiak. Pisua alokatzen jartzea ere pentsatu izan du, baina tentuz hartzen du aukera hori: “Ez nioke edonori alokatuko, segurtasunagatik. Batek daki nola itzuliko dizuten etxea!”. Egun salgai jarraitzen du Antonio Vegaren etxeak. Ez da inongo “inmobiliariarekin” harremanetan jarri, bere eskutik nahi ditu egin gauzak.

Antonio Vegak etxea salgai duen gisan, bada orain gutxi etxebizitzaz aldatu den bikote bat: Aitor Egaña eta Iraia Llanos. Alokairuan jartzea erabaki dute. Hasiera batean, ordea, zalantza egin zuten alokairuan jarri edo pisu bat erosi. Merkatuan pixka bat kokatu asmoz, internetera jo zuten, eta segituan baztertu zuten etxebizitza bat erostearen ideia, prezioagatik. Behin alokairuan jartzea erabakita, pisu aukerak ikusteari ekin zioten, baina hainbat arazorekin topatu ziren: alokairuaren prezioa, gustuko etxea aurkitu ez izana edota jabeek txakurrik onartzen ez zutela, esaterako. “Baina halako batean internet alde batera utzi eta etxez aldatu berri ziren bizilagun batzuekin harremanetan jarri ginen, ea hutsik utziko zuten pisuarekin zer egin asmo zuten galdetzeko. Hara non, alokatzea zutela buruan! Hitzordua egin eta segituan jarri ginen ados”, azaldu dute.

Orokorrean, irudipena dute Zestoan salgai edo alokatzen etxebizitza dezente daudela, eta interneten horren zati txiki bat baino ez dela aurkitzen diote. Ondorioz, gomendatzen dute etxebizitza baten bila jarduterakoan internetez gain etxeetako leihoetara ere begiratzea. Hala ere, uste dute askoz errazagoa litzatekeela guztientzat iragarki guztiak internetera igoko balira.

Eta egoera horretan aurkitzen da gaur egun Maialen Kortadi. Pisu baten bila dabil, presarik gabe. Baten etxea ikusi, bestearena bisitatu, bateren batek “zerbait” esan artean, bertan geratzeko eskatu artean. Gertukoari helduz ekin dio bilaketa lanari, ezagunen pisuak begiratuz; eta, noski, interneten ere saltseatu du. Zestoan zentratu du bilaketa, baina ez daki bizitzak nora eramango duen, “bakoitzaren beharren, aukeren eta egoeraren arabera konformazio graduak desberdinak dira”. Etorkizuneko etxebizitzaren kokapenari begiratzen dio, gehienbat, Maialenek, baina etxeak zer harrera egiten dion ere oso kontuan hartzen du: “Etxe zoragarriak ikusteko aukera izan dut: handiak, politak, prezio-aukera baldintza onean… Baina “zera” berezi hori falta izan zaie”.

Nahiz berak alokairuaren aldekoa dela aitortu, aukera hori garesti dagoela dio, eta eskaintza gutxi dagoela gaineratu du. Une honetan salerosketaren aukera aktiboago dagoela dio, eta horrek pisuen prezioetan beherakada bat dakarrela azpimarratu du: “Pisu batengatik eskatzen den diru kopurua “normalagoa” da orain krisi aurreko garaiekin konparatuz gero. Belarriak jaitsi eta lurra zapaltzen hastea behar dugu”.

 

Etxebizitza kooperatiboak Aizarnan

Etxebizitzen merkatuaren baitan hain ohikoa ez den kasu batekin aurkitu gaitezke Aizarnan. Horretarako, 2005era egin behar da atzera. Orduko hartan, Udalak deialdi bat egin zuen, Aizarnan bizi nahi zuten etorkizuneko belaunaldiak juntatu asmoz. Hamabi pertsona joan ziren bilera hartara, Aizarnakoak batzuk, bertan bizi nahi zutenak besteak. Amane Arrue izan zen bilkura hartara bertaratu zenetako bat.

Azaldu du bilera hartan Udalak Aizarnan egin asmo zituen etxebizitza batzuen berri eman ziela, eta adierazi ziela horretarako egokia zen lurzoru baten jabearekin ere lehen kontaktuak izan zituela. Baina gaineratu du Udalak epe laburrean atzera pauso bat eman zuela eta, ondorioz, beraiek aurrera urratsa ematea erabaki zutela. “Informazioa jaso eta etxebizitza kooperatiba bat sortu genuen guztion artean. Kooperatibak promotore papera beteko zuen, horrela, figura horren bitartekaritza saihestuko genuen, eta kostuak murriztu”, azaldu du. Horrek esan nahi zuen, ordea, promotore batek egiten dituen lan guztiak egin behar izan zituztela: lurraren jabearekin negoziatu; aurrekontuak eskatu; arkitekto, aparejadore eta eraikuntza enpresa bat kontratatu; Udal baimenak eskatu…

Prozesu horrek pare bat urte iraun zuen, eta bidean oztopo ugari aurkitu zituztela adierazi du: “Alde batetik, arazo burokratikoekin aurkitu ginen. Bestetik, zailtasunak izan genituen banketxeen aldetik finantziazioa lortzeko eta gure esperientzia urriaren ondorioz ez zen falta izan egoeraz aprobetxatu nahi zenik ere”. Azkenean, ordea, altxatu zuten eraikina, nahiz eta hasiera batean kalkulatu baino kostu handiagoa izan zuen eraikuntzak. Bakoitzak bere pisua erosi ahal izan zuen, eta dagoeneko zortzi urte daramate bertan bizitzen.

 

Aimar Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide