Gerran Errepublikaren alde hildakoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, Gerra Zibilean askatasunaren alde borrokatzera joan, frontean hil  eta Gernikan lurperatuak izan ziren gudari gazteak  gogoratuko dira, datorren larunbatean, ekainak 17, Gernika-Lumoko hilerrian. 71 gazte izan ziren han lurperatuak.
Hiru dira, Eusko Gudarostean, errepublikanoen alde borrokan, frontean hil ziren zestoarrak, eta horietako bat –Jose Fermin Alkorta Bastida- Gernikan lurperatua izan zen, hain zuzen.

Errepublikaren alde frontean hildako horiek elementu komun asko izango dituzte –gazteak izatea, zestoarrak, abertzaleak, Errepublikaren alde borroka egitea…– baina herriaren aniztasunaren erakusle ere badira. Askotan, gurea bezalako herri txikietako jendea nolabaiteko etiketa baten barruan kokatu ohi izaten da, baina Zestoa ematen duen baino anitzagoa zen garai hartan ideologia kontuetan.

Esate baterako, har ditzagun frontean hildako hiru gazte horiek: Jose Antonio Alberdi Alberdi Amuategi batailoikoa zen (Sozialista, Juventudes Socialistas Unificadas); Jose Fermin Alkorta Bastida San Andres batailoikoa (ELA-STV) eta Antonio Urruzola Landa, berriz, CNTko milizianoa (anarkista).

Jose Antonio Alberdi Alberdi 1912an jaio zen Arroako Kaminerokoa etxean. Bere aita pioi bidezaina zen. 1930eko hamarkada hasieran, Mutriku aldera alde egin zuen familiak eta han sartuko zen Amuategi batailoian. Eibartarrak sortu zuten, eta gehienbat inguruko sozialista gazteek osatzen zuten. Asturiasko frontean hil zuten Jose Antonio, 1936ko irailaren 27an, 24 urterekin. Gerra lehertu eta lehendabiziko hilabete haietan, Gijon eta, batez ere, Oviedo defendatzen saiatu ziren errepublikanoak, harik eta 1936ko urrian, frankistek hiriburua hartu zuten arte.

Antonio Urruzola Landari bizitzak ez zion denborarik eman Gipuzkoatik ateratzeko. 1908an jaioa, Aizarnako Kontzeju-etxean, bere aita Jose Joakin meatzaria zen; dirudienez, aita hil ondoren (1911; uste dugu minan, istripuren baten ondorioz) semeak Arroara joan ziren bizitzera, seguruenik zementu fabrikan lana egitera. 1929an soldaduskarako izena eman zuen Antoniok. Anai zaharrena Elgoibarren bizi zen eta txikiena hila zen 1931rako. Pentsatzen dugu, beraz, Antoniok ez zuela soldaduskarik egingo ama zaindu behar zuelako eta, ondorioz, “libre” geratuko zelako. Kontuak kontu, CNTko miliziatan sartu zen gerra garaian eta Elgoibar aldean “tokatu” zitzaion bere bizia ematea 1936ko irailaren 20an. Hurrengo egunerako, frankistek Elgoibar eta Karakate mendia hartuak zituzten; handik egun batzuetara, Kalamua, Arrate eta Akondiaren jabe egin ziren eta inguru hura bihurtu zen fronte-lerro.
1936ko irailaren bukaeratik aurrera, aurrerapen gutxi egin zuten frankistek. Bi aldeak tinko zeuden beren gordelekuetan, erasoa gogorra zen alde bietatik, eta gero eta pertsona gehiago hiltzen zen alde bietan. 1937ko udaberrian berrekin zitzaion erosoari Bilbo menderatzeko helburuarekin. Garai hartan, 1937ko martxoaren 22an, hil zuten hirugarren gudari zestoarra, Alkorta.

Jose Fermin Alkorta Bastida Arroako Kutrulu baserrian jaio zen, 1904an; Jose Frantzisko eta Josefaren semea, Iraetako Olatxon (Santana) bizi izan zen. Ogibidez, nekazaria zen, idazten eta irakurtzen bazekien. Soldaduskarako izena eman zuenean, 1,697 metroko altuera zuen eta perimetro torazikoa 86 zentimetro. Eloy Erentxun margolariak esaten duenez (bera ELAn ibilitakoa zen Nafarroan lan egin zuen garaietan), gerra lehertu zenean, ELAk kamioi bat bidali omen zuen herrira, armekin, jendea erreklutatzeko (ez dakigu Erentxunen herrira, alegia, Arroara edo Zestoara esan nahi duen). Bera -Erentxun- igo omen zen, baina 20 fusil bakarrik omen zeuden banatzeko, eta 300 bat pertsona bildu omen ziren, eta ez zitzaion tokatu. Orduan, fusilak lortu zituztenak Mutriku aldera joan omen ziren. Litekeena da gertakari hartan Alkorta ere tartean izatea.
Gerra garaian, Eusko Gudarosteko San Andres batailoiarekin lotzen dute Alkorta. Batailoi hori 1936ko azaroaren bigarren hamabostaldian sortu zen STVren ingurutik, abertzaletasunak osatutako “euskal milizien” barnean.

Hara, labur bada ere, gerran hildako gure gudarien historia txikia, pixkanaka-pixkanaka, osatzen joan beharko duguna. Hemen aipatutako hiruez gain, beste makina bat zestoar gazte ibili zen Eusko Gudarostean, gerran. Denak joan zitzaizkigun eta beraiekin eraman zituzten beren izuak, sufrimenduak, umiliazioak, kontakizunak, maitasunak, irribarreak… Haien seme-alabak geratzen zaizkigu –horiek ere zahartu samarrak– eta agiriak, “paper zaharrak”, liburuak, periodikoak… Merezi du 80 urtean ezkutarazita bizi izan diren familiak eta bizipenak kalera ateratzea, Frantzisko aita santuak esaten duen moduan, “zatikako hirugarren Mundu Gerra” atarian daukagunok –batez ere umeek– zerbait ikas dezagun.

Argazkia: Indalezio Ojanguren. Trincheras de Akondia. 1937. www.guregipuzkoa.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide