Gorputz perfektua jainko bihurtuta?

Bainuetxean aspaldi jarri zuten martxan gimnasioa –edo, egokiago esanda, “Mecanoterápica” gela–. XX. mende hasierako kontuak dira horiek. Lehenagotik, urak hartu eta sendatzeko tokia ziren, soil soilik, bainuetxeak baina mende hasieran aldaketa gertatzen hasi zen, eta aldaketa hartaz jabetu ez ziren bainuetxeak laster hasi ziren gainbeheran eta akabatu egin ziren. Aldaketa hartaz jabetu zirenak, berriz, moda-modako toki bilakatu ziren, esaterako, Zestoa. Zein zen aldaketa hura? Adituek dioten bezala, XX. mende hasieran, bainuetxeak, sendatzeko toki bat izateaz gain, aisialdiko leku ere bilakatuko dira. Urzaleak, batez ere dirudunak, ez dira bakarrik urak hartzera etorriko baizik-eta inguruak ikustera, erregeak eta jende handia etortzen den lekuetara etorri eta haiekin solasaldiak eta egonaldia partekatzera, moda-modako joera berriak ekartzera eta ezagutzera… Hitz batean, dirudun jendea norbere ongizatea zentzu zabalago batean ulertzen hasi zen. Eta hor aurkitu behar dira gazteleraz “culto al cuerpo” deitzen den, alegia, gorputzari garrantzia ematearen lehen aztarnak. Eta horretan, gimnasiak, mekanoterapiak, garrantzia berezia hartuko du. Argazkian ikusten den bezala (1910 ingurukoa da), artean ez zen kirol arroparik eta horrelakorik, jendeak arropa arruntarekin egiten zuen kirola, baina 1920ko hamarkadatik aurrera kirola indar hartzen zihoan neurrian, kirol arropa eta beste hainbat elementu (baloi aukera, erraketak…) zabaltzen joan ziren.

* * *

1930eko hamarkadarako, garbi ikusten zen kirolak pertsonarentzat zuen onura eta, batez ere, gazte jendearentzat. Ondorengo testuan ageri diren izenak kenduz gero, gaur egungo idatzi bat dela pentsatuko genuke. Zestoako Udalako alkateari zuzenduta doa idatzia:

Agiri hau sinatzen dutenak, denak herri honetakoak [zestoarrak], behar den begirunez zera adierazten dute: lokal baten beharra ikusten dutela gimnasia praktikatzeko, hau da, bistakoa denez, egunetik egunera beharrezkoagoa den ariketa fisikoa egiteko. Izan ere, gaur egungo hainbat jarduera kontuan hartzen baditugu, nabaritzen da hezkuntza fisiko sendoa edukitzeagatik nabarmentzen direla Barreiro eta Ganborena football-ean; Uzkudun boxeoan; Atanotarrak, Etxabetarrak eta abar pilotan. Eta zergatik? Bada, zalantzarik gabe, beren garai onetan gimnasia egiteko modua izan dutelako. Oraintxe bertan, jauna, gazte asko daude boxeoan aritzeko grina izugarria daukatenak –hori da, izan ere, gaur egun etekin gehien ematen duen ariketa fisikoa– baina, nahiz eta horretarako baldintza fisikoak eduki, behar den bezala entrenatzeko aukerarik ez dute, gimnasiorik ez dagoelako (…) Badira, baita ere, orain arte aipatu ditugunak adina arreta merezi duten kontuak: herriko umeek ere ezin dute gorputza garatzeko hain probetxuzkoa den ariketarik egin, alegia, ume indartsuak eta garatuak izateko ariketarik, edozein probei aurre egiteko gorpuzkera edukitzeko, hitz batean, ume eta gazte sano eta indartsu batzuk izateko ariketarik (…). Horregatik zure jakinduria eta argitasunari gustu handiz aurkezten dizugu herrian gimnasia ikastaroak eskaintzearen beharra, lehen aipatu ditugun helburuak batetzeko.”

1933ko maiatzekoa da idatzia, atera kontuak.

* * *

Gaur egungo egoerak ez du zerikusirik garai hartakoarekin. Sentsazioa daukat, gaur egun, ez ote den obsesio bihurtu hori guztia. Moda-modan daude gimnasioak, bat-batean jende guztia gimnasiora doa. Batzuk pisuak egiten dituzte, beste batzuk zunba, yoga, jogging, bizikleta… tira. Ez dut jende dena zaku berean sartu nahi baina obsesio, kontsumo objektu, bihurtu ote da gorputza, batez ere gazteen artean? Komunikabideek etengabe erakusten digute zein izan behar duen eredua (emakume lirainak, gizonezko gihartsuak) eta gorpuzkera hori beste mezu batzuekin lotzen dute: zoriontasuna, arrakasta, autoestimazioa… Buruan sartu digute gorputz perfektua eta bizitza perfektua elkarri lotuta doazela. Ez ote dugu gure jainko berri bihurtu gorputz perfektua?

 

Argazkia: “Cestona : la mecanoterápica del Balneario”. Egilea: Lacoste.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide