Goza dezagun herrian egiten denaz ere, ez galdu aukera.

Nik inoiz ulertu ez dudan arren, bada jende bat, Zestoan ez dagoela ezer eta ez dela ezer antolatzen… pentsatzen duena. Nik ez dakit hauek Zestoan bizi diren edo non…

Beste behin ere pena moduko bat sentitu nuen atzo. Eta ez da aurreneko aldia gertatzen zaidana. Musika eskolak ikasturte bukaerako emanaldia eskaini zuen. Eta urterokoa gertatu zen, emanaldi hasieran udaletxe azpia leporaino beteta egoten da, bakoitza bere seme, alaba, iloba edo biloba ikusteko zain. Saioa aurrera doan neurrian, ikuslegoa gutxitzen joaten da, jakina, gehienek pieza bat edo bitan parte hartzen dute eta bakoitzak bere etxekoarena ikusten duenean ba kito, badoa bere eginkizunetara, edo poteora edo dena delako…

Kontua da ordea, eta noan harira, Fernandoren pare jartzen hasita nago eta oraintxe… Musika eskolak ikasturte bukaeran, urtero, ikasle zaharrentxoenekin bi edo hiru kantu oso politak eskaintzen dituela, ukitu berritzaileekin, oso maila onekoak, benetan zirrara sortzen duten horietako sorpresak, benetan gozatzea merezi duten horietakoak eta non gaude gu? ba agian hortxe plazan edo Laranjadin baina… Ez ditugu entzun, aukera on bat galduta.

Sentsazio berdintsua izan nuen atzo pixka bat beranduxeago. Kultur etxean “Erradikalak gara” emanaldia ikusten izan zintzen, Portale eta Txoko feministaren artean antolatu zutena. Bertsoa, bakarrizketak, barre algara artean hausnarketa sakon askoak egiten dituzte Ane Labaka eta Beatriz Egizabalek eta hauekin batera baita ikus-entzuleok ere. Emanaldi bikaina iruditu zitzaidan, buruan etxeko lanak uzten dituzten horietakoa, baina betikoa, 30 lagun eskas aretoan. Plan mundiala zen. Ostirala, bokadillo bat eta antzerkia. Majina batek galdu zuen aukera ederra.

Gure herrian gauza mordoa egiten da, askotan maila oso oneko gauzak. Horretaz konturatzen hastea falta zaigu.