Grises taldeak irailaren 1eko kontzertuari buruzko azalpenak emateko gutuna bidali digu Danbolineko postontzira

Grises taldeak Zestoako herriari:

Orain dela urtebete inguru galdetu ziguten ea 2018ko Gazte egunean Zestoan jotzeko prest egongo ginatekeen eta horretarako gure baldintzak zeintzuk izango liratekeen.

Irailak 1 data musika-festibal garaia izanik, gure managementak aukera asko ikusten zituen gure katxet osoarekin horietako batean jo ahal izateko. Hala ere, Zestoan festetarako dagoen dirua ikusirik eta gure herrian jotzeak egiten zigun ilusio handia kontuan izanik, gure agentziarekin adostu ostean, kasu zehatz honetarako katxeta 2500 eurotara, gure katxetaren ERDIRA, jaistea erabaki genuen.

Jendeak musika talde baten benetako errealitate tristea zein den jakin dezan, honako hau da 2500 euro horien gastuen banakapena:

Adostutako diru kopurua: 2500 euro.

-%20 Management enpresari.

-Kontzertura eramaten ditugun ohiko 3 teknikarien egun horretako soldata.

-Kontzertuko “show”-a posible izateko alokatutako argiak.

-Taldekideen altak Gizarte segurantzan.

Gastu hauek guztira: 1600 euro inguru.

Geratzen den diruarekin taldearen beste hainbat gastu finko ordaindu behar ditugu: Furgoneta, lokala, 5.diskoko kredituaren gastuak, etab…

Kontzertu horrek dituen gastu guztiak ordaindu ondoren, taldekide bakoitzak kobratuko duen diru kopurua ZERO EUROKOA da.

Tamalez, gaur egungo musikari gehienon errealitatea hauxe dugu: ezeren truk lana egitea, gure lana pasioz egiten dugulako.

Azken egunotan kalean, herrian, gure katxetaren inguruko zurrumurru faltsuak entzun ditugu, kontzertu honengatik 5.000 euro kobratu behar ditugula esaten dutenak. Horregatik, idatzi honen bidez argi utzi nahi izan dugu gu kontratatu batzuk besterik ez garela eta ez dugula zer ikusirik festetarako zegoen diruaren gestioarekin. Pena handia eman digu inolako errurik gabe azalpen hauek ematera iritsi behar izatea (urteetan zehar festetan jo duten beste taldeek egin behar izan ez dutena). Egia ez diren zurrumurru horiek biziki tristetu gaituzte izugarrizko gogoa genuelako herrian jotzeko. Horrela bada, gauzak argitzeko idatzi hau kaleratu nahi izan dugu.

Besterik gabe.

Raul, Amancay, Eñaut, Gaskon eta Alejo.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide