Gure eguna egunero delako

Langileak gara, baina alperrak izaten ondotxo dakigu, lana kentzen zein ematen trebeenak izan gaitezke. Zuriak, gorriak, horiak, edo beltzetan beltzenak, kolore guztietakoak gara. Katemerik indartsuenak zein pantera ahul eta beldurtiak gara. Lurrera jausi arte mozkortzeko ere abilezia badugu, eta aldi berean oso lotsatiak gara. Bai, aitortzen dugu, dorre galduren batean zain gauden printzesak ere bagara, eta geure erratzetan aske hegan egiten dugun sorginak ere bai.

Hitz hauek zuei eskaini nahi dizkizuet. Zuri, milaka kilometrotara egon arren, hurbil sentitzen zaitudan horri. Zuri, ni etxetik kanpo izan arren, maitasuna eta goxotasuna sentiarazi didazun horri. Zuri, orain kasik ez ditugun arren, nire haurtzaroko argazki gehienetan ondoan irri eginez zaitudan horri. Zer esanik ez, erraietan izan ondoren, mundura ekarri ninduzunari. Eta zu ezin ahaztu, ia mende bateko historia begiekin entzun eta bihotzez kontatu didazun horri. Zuei, hitz hauek irakurtzen ari zareten, eta irakurriko ez dituzuen emakume orori.

Egunero sentitu behar izaten dugulako haserrea, amorrua, inpotentzia. Hitzak sentitzen ditugulako, begirada lizunak, pentsamenduak ere sentitzeko gai garelako, erasoak kontsideratzen ez diren horietakoak guztiak. Kaleko zoko ilunetan biderik motzenak hartzeko beharra sentitzen dugulako, etxera iritsi eta atea giltzaz itxi ondoren, hasperena atera izan zaigulako, etxean giltzapetuta egoteak aske sentiarazi gaituen arte.

Zuzen itxura eman behar dugula ikasi behar izan dugun arren, maite dugulako okerrak izatea. Geure eskubideak defendatzeagatik, borrokalari izateagatik, sarritan sentiarazi gaituztelako delitugile, errudun nagusiak beraiek direla ohartu gabe.

Historiarik izan ez dugula eta izango ez dugula esaten digutelako behin eta berriz, mundutik baztertuak izan ginelako, eta oraindik ere izaten jarraitzen dugulako. Esklaboak izan ginelako, gogor zapaldu gintuztelako, saldu egin gintuztelako eta behin eta berriz bortxatu gaituztelako. Egunero hau guztia jasaten jarraitzen dugulako.

Norbait izateko beldurrez bizitzeari uko egin behar diogulako, zernahi izan gaitezkeelako. Hau gaur amaitzen ez delako, gugan sinistu behar dugulako, elkarrekin lortu dezakegulako, gure eguna egunero delako.

Bartzelonatik muxu bana konplize zaituztedan guztientzat.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide