Gure pintore ibiltariak

Zestoarrak ibiltariak eta pixka bat bohemioak garela ez du inork ukatuko. Erdi Aroko garai haietan, baziren itsasgizon zestoar ugari munduz mundu ibili zirenak, eta, atzerago joanez gero, berriz, historiaurreko “zestoarrak” ere asko ibiltzen zirela dirudi, urruti-urrutitik ekarritako lehengaiak edo harri klaseak topatu baitira hemengo kobazuloetan. Hau dena dator, oporretan nagoelako eta neuk ere pixka bat ibiltzeko asmoa dudalako (kar, kar, kar…). Baina ez gara hain atzera joango, ez gara gehiegi korapilatuko. XX. mendera joatea nahikoa dugu.

Gehienok jakingo duzue gure Artano (Jon) Kolonbia aldean dabilela berriemaile. Bada, iazko martxoan whatsapp-a bidali zigun danbolineko taldekideoi:Ezetz asmau nun topau dedan kuadro hau?”. Eta Jone Bergarak galdetzen dio, “Balentziagan bat?”. Eta Artanoren erantzuna: “Buenos Airesko Laurak Bat, munduko euskal etxerik zaharrena. Sartu areto nagusira eta iya atzeaka eroi naiz”.

Jakina da Jorge Oteizak eta Narkis Balentziaga arroarrak Ameriketara joateko plana egin zutela 1935ean, eta urte berean Buenos Airesera iritsi zirela. Nikolas Lekuona ere joatekoa zen baina azkenean ezin izan zuen. Bidai horren eta Balentziagaren berri zehatzagoa nahi duenak Ismael Manterolak, Arroabeari buruzko liburuan, egindako lan ederra irakurri besterik ez du.

Esan bezala, lehen urratsa Buenos Aires zen, gero Txile eta ondoren Mexiko (han harrapatu zuen heriotzak Narkis 30 urterekin). Argentinako hiriburuko Witcomb arte galerian erakutsi zuten beren lana baina, dirudienez, ez zuten asko saldu. Bertako euskaldunen harrera, ordea, izugarrizkoa izan omen zen eta horrek esplika lezake Balentziagaren lan bat Laurak Bat euskal etxean egotea. Kontuak kontu, bitxia eta oso naif-a da koadroa eta ederki ulertzen diot Artanori ikaragarrizko sustoa hartzea Arretxeko arkua eta kanpandorrea Argentinako puntan ikusita.

* * *

Argentinan urte asko ibilitako beste margolari arroar bat Teodoro Erentxun da (1864-1931), Eloy margolariaren eta Joan herriko kronistaren osaba. Bene-benetako bohemioa dugu Teodoro, eta Azpeitian jaioa izaki, oso zezenzalea eta torero ere aritzen zena. Jose Artetxek ematen digu, beste inork baino hobeto, haren berri: “Hura zen gizona, hura!… esaten omen zuen Artetxeren aitak Berealdiko haurren zoriona egin zuen. Inauteritan, kainabera luze batekin eta saski bat piku lehorrez bete atera ohi zen: Al higuí, al higuí, con la mano, no, con la boca, sí…Erentxun, margolari eta toreatzaile izateaz gainera musikalari bikaina omen zen eta ederki asko jotzen omen zuen pianoa.

Erentxunek hogeita bost urte bakarrik zituen Bordelen Argentinarako ontziratu zenean. Margolaritzak baino, haren piano-jotzaile dohainek izan omen zuten berehala arrakasta herritarren artean Buenos Airesen. Baina beti eraman ohi zuen berarekin, badaezpada, berak pintatutako koadro bat, Argentinako pertsonaia handi bat erakusten zuena, eta joaten zen festa edo bileratan, bere musikarako trebetasunez jendea bihotza bero-bero eginda jartzen zenean, bere margolana piano gainean, bistan, jartzen omen zuen. Koadroak ustekabean eragindako mirespenez harridura orokorra sortarazten omen zuen. Eta orduan, oso serio esaten omen zuen: “Jaun-andreak. Ni ez naiz piano-jotzaile; ni neu margolari naiz.”

Hauxe bezala, Artetxek beste makina bat anekdota kontatzen ditu, nola margolaritza alorrekoak hala zekorketa gai dutenak. Baina ez naiz hemen luzatuko; har ezazue tarte txiki bat Artetxeri berari irakurtzeko eta ez zarete damutuko.

Baina, tira, jarrai dezagun. Bere Ameriketako egonaldi luzean, Erentxun Argentina guztian zehar ibili zen, Salta, Jujuy eta Chaco-tik Patagoniaraino. Txile, Uruguai, Paraguay eta Bolivian barrena ere ibili omen zen.

Egun batez, bohemio bizitza berrogei urtean egin ondoren, konturatu omen zen zahartzen hasia zela eta orduan Arroara etortzea erabaki zuen: “Horretarakoxe etorri zen hain zuzen dio Artetxek: hiltzeko. Hirurogeita zazpi urte zituen orduan (1931). Benantzio Garaizabal mediku zestoarrak atenditu omen zuen Erentxun azken eritasunean, eta, Artetxek dioen bezala, “mundu erdia zeharkatu zuen margolari euskalduna, berarizkoa bezain ahaztua, Arro(n)a deritzan herri txipiko hilerrian datza”.

 

Argazkia: Jon Artano [esker mila, itsasoaren bestaldetik!]

Jose Artetxeren “Bidez bide”, euskaratuta,  hemen:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide