Paperekoa

Halloween aspalditik ospatu izan dugu

Ameriketako Estatu Batuetatik datorren festa dela uste badugu ere, Euskal Herrian aspalditik ospatu izan da Halloween; baita Zestoan ere. Duela oso urte gutxira arte ospatu izan dugu, baina ahaztu egin zaigu, nonbait. Hala, ohitura alde batera utzi eta orain kanpotik etorri dela uste dugu. Halloween izen arrotza egiten bazaigu ere askori, erabili izan dugu eta erabiltzen dugu, euskaraz noski. Ingelesezko All Hallows’ Evening izenaren laburdura da all (denak) + hallows‘ (santuen) + evening (gau/arratsalde/iluntze). Beraz, Halloween, Santu Guztien Gaua edo Arimen Gaua izango litzateke. Gure herritik ez oso urruti, Mutrikun, Gau Beltza deitzen diote.

Esan daiteke ia Europa osoan zabaldutako festa izan dela eta europarrek eraman zutela Estatu Batuetara. Hemen, Euskal Herrian behintzat, ohitura galtzen joan den bitartean, itsasoz bestalde guztiz indartu da.

Neguko festen barruan kokatu beharko genuke Arimen Gaua; neguko festen zikloa Santu Guztien Egunarekin hasi eta Inauteriekin bukatzen da. Neguan ospatzen diren festa gehienen ezaugarriak eskea eta mozorroak dira (Gabon eskea, Santa Ageda, inauteriak…). Arimen Gaueko festak ere betetzen ditu ezaugarri horiek. XX. mendera arte, ohitura zen kalabazak, patatak, erremolatxak edo arbiak hustea eta argiztatzea, gaztaina erreak jatea edo umeak eskean ibiltzea, batzuetan baita mozorrotuta ere. Kalean galdezka ibili gara eta ohitura horien aztarnatxo batzuk topatu ditugu herrian.

Arimen Gaua Zestoan

Badirudi 1960ko hamarkadan galdu zela ohitura guztiz, baina herritar batzuk gogoratzen dira mutil eta neska koskorretan nola ibiltzen ziren kalabazak hustu, aurpegiko zuloak egin, argiztatu eta herriko zenbait txokotan ipintzen. Esanahiaz galdetuta ez dakitela erantzun dute gehienek; bakarren batek, “hildakoak pizteko edo… kar kar kar!”. Ez dira xehetasunez gogoratzen, baina zaharragoek egiten zutelako eta ohituraz edo egingo zutela diote. Bihurrikeria txikia, herritarrei sustoren bat eman eta ondo pasatzea zuen helburu.

Maria Angeles Izeta (1936) ondo gogoratzen da 12-13 urterekin kalabaza hustu, begiak, sudurra eta ahoa zulatu eta Arozenanetik gaur egungo San Juan egoitzara bidean, Iruarboletan, nola ipintzen zuten kalabaza. Bildumenarekin (Kandela luzea eta mehea, gehienetan argizaiolean bildurik, hilobietan eta erretzen dena) argiztatzen zuten, aurrez husteko erabili zuten zulotik sartuta. Bere adin bertsuko mutil kuadrilla ere ibiltzen zen, Xabier Iriondok (1932) hala gogoratzen du; haiek ordea, hilerriko lehengo bide zaharreko posteen goialdean jartzen omen zituzten kalabazak. Hilerrira askotan joaten zirela jolasera kontatu digu, eta behin edo behin, bihurrienek, hezurtegitik burezurrak eta hartzen zituztela. Iriondok ez daki seguru Arimen Gauean edo beste egunen batean bihurrikeria egiteagatik, baina lagunen bat burezurra hartuta herrian jendea beldurtzen ibili zela gogoratzen du. Herritar askok, adin guztietakoak, Arimen Gaueko kalabaza kontuen arrastorik ez du, baina batzuek hilerriko biltegiko hezurrekin jolasean ibiltzen zirela kontatzeko aprobetxatu dute. Askorentzat leku santua zena edo dena, haur eta gazteentzat jolaslekua izan da.

Urte batzuk geroagokoa bada ere, Juan Mari Artanok (1949) ere badu oroitzapenenen bat, mutil koskorretan, kalabaza hustu, aurpegiko zuloak egin eta kandela sartu ziotela dio. Bera baino zaharragoekin joan zela akordatzen da, haien atzetik; haiek ere Iruarboletan jarrri omen zuten kalabaza. Orduan, ibilgailu gutxi pasatzen zen errepide nagusitik. Artanok barrez gogoratzen du egun hartan pasa zen kamioi gidari bakarrenetako batek, bidean gelditu, eta nola jo zuen ostikoz kalabaza. Pello Alberdik (1949) ere badu oroitzapen lausoa, oso gaztea zela. Idoieta baserrian bizi zen garaian, Etorrabidean eta zenbait baserri-bidetan edo ataritan argiztatutako kalabazak izaten ziren errezeloa badu.

Kalabazak ahal zen lekutik lortzen omen zituzten, baratzeren batetik hartuta edo non edo nondik inguratuta. Maria Luisa Etxabe (1943), urtetan Zestoan bizi bada ere, Zarauzko Iruerreketa auzoan jaioa da. Umea zela etxeko baratzean, Arimen Gauean kalabazak zulaturik agertzen zitzaizkiela dio. Baratzetik lapurtu ez, baina, lurretik atera gabe, bertan begiak, sudurra eta ahoa marraztuta topatzen zituzten urtero.

Esan bezala, orain dela hirurogei bat urte galdu zela ematen du Zestoan eta inguruetan egiten zen Arimen Gaueko bihurrikerien ohitura. Galdetu diegun hirurogeita gutxi edo berrogeitaka urte dituzten zestoarrek ez dutela ohitura horren berririk esan digute. Bestalde, kuadrilla txikietan eta gaztetxo batzuek bakarrik egiten zutela dirudi, kalabazen oroitzapenak dituztenen adin bereko batzuek, berriz, ez baitute ideiarik ere.

Eta zergatik kalabazak bai hemen eta bai munduko besteko zenbait lekutan? Bada, barazkia, garaiko produktua delako, orduan ganaduentzat edo txerrientzat izaten zelako eta tamaina eta ikusgarritasunagatik, seguru asko.

Santu Guztien Eguna eta Arimen Eguna

Ia bi mila urteko kristau erlijioaren tradizioa du gure kulturak, baina agian, antzina posible da festa paganoak izatea, gaur egun, festa gehienek kutsu kristaua badute ere. Hori dela eta, Arimen Gaueko bihurrikeriaz galdezka hasi eta elizarekin lotura zuzena duten zenbait kontu ere jaso ditugu. Urriaren 31ko gaua Arimen Gaua izango litzateke, azaroaren 1a Santu Guztien Eguna edo Domu Santu eguna eta azaroaren 2a Arimen Eguna. Santu Guztien Eguna fededunek santu guztiak, baita ezezagunak edo anonimoak ere, gogoratzeko jaieguna da, eta hurrengo eguna, Hilen Eguna edo Arimen Eguna, purgatorioan dauden arimen aldeko ospakizuna.

Santu Guztien Egunean loreak ipini ohi zaizkie hilerrian dauden familiakoei eta arratsaldean, arrosarioa errezatzen dute fededunek Zestoako hilerrian. Arroagoian, berriz, azaroaren 1eko hurrengo igandean errezatzen dute. Arimen Egunean, meza berezia egiten da hildakoen oroimenez. Errespontsua errezatzen da, hildakoen aldeko otoitza, ofrenda egin ohi da eta urte osoan hildako pertsona bakoitzeko kandela bat pizten da. Aldaretik hildakoen izen-abizenak irakurtzen dira eta gero, horien oroigarria ere banatzen da. Hildakoen senideek aldarean piztu den kandela, meza ondoren, etxera eramaten dute. Orain dela urte batzuk, egun horretan, eliza ilun-ilun egoten zela kontatu digute, argiak itzali eta leihoak gortinekin eta tapatzen zituztela. Familia bakoitzak, elizan zegokion lekuan, beraien hildakoen omenez bildumena pizten zuen, hildakoaren arima zerura joan zedin.

Arimen Eguna purgatorioan daudenei laguntzeko eguna da, beraz. Teologia katolikoaren arabera, purgatorioan, bekatu txikiengatik guztiz garbi ez dauden arimak egoten dira, penitentzia egin behar dute, garbitu eta zerura joateko. Ikusten denez, behin hil eta gero bekatuak garbitzeko aukera badago, baina onena bekatuetatik libre hiltzea, ezta? Ba, horretarako aukera ere izaten zen Arimen Egunean. Garai batean, herriko apaiz bakoitzak hiru meza ematen zituen. Zestoan hiru bat apaiz bazeuden, beraz, bederatzi meza izaten ziren. Horrez gain, fededunek bisitak egiten zituzten elizara. Bisita bakoitzean, sei Aita Gure, Agur Maria bat eta Gloria errezatu behar izaten ziren. Horrela, bisita bakoitzeko bekatu baten barkamena lortzen zen.

Ia naturala dela esango nuke gizakiak hildakoak oroitzeko duen joera. Egun hauetan inoiz baina gertuago izan ohi ditugu jada gure artean (fisikoki behintzat) ez daudenak. Era batera edo bestera, norberak erabaki dezala falta direnak oroitzeko bidea eta, ahal bada, kalabazena moduko irribarrearekin!

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide