Handia egitera goaz!

Komunitateko estreinaldian aginduta bezalaxe, hemen naiz berriro. Orduan aipatu nuen Gure Esku Dago herri ekimenak antolatutako Giza Katearen inguruan arituko nintzela.

Orain lau urte herritarrak Ezkio-Itsasora joan ginen gure aletxoa jartzera. Orduan ehun mila lagun baino gehiago bildu ginen, geure ilusioa, bizipoza, gogoa, grina… jarri genituen herri honek duen erabakitzeko eskubidearen alde. Ordutik hona hainbat ekimen egin ditugu; hala nola, oihal zatietan gure nahiak isladatu, mosaiko erraldoia Donostian, Kataluinarekin gure elkartasuna adierazi, 2017ko maiatzaren 7an herrian galdeketa izan zen Hitziturrik antolatuta. Ekimen guztietan jende ugari bildu da eta oraingoan ere horrela izatea espero dugu.

2019 arrazoi ditugu erabakitzeko eta horiek bildu eta Eusko Legebiltzarrean entregatuko ditugu ekainaren 10ean. Donostian hasi  eta Bilbo zeharkatuz Gasteizeraino iritsiko da giza kate berri hau. Zestoarrak Arroabean izango gara, kilometro térdi betetzeko. Horretarako 750 pertsona behar ditugu, baina parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako aukera izango da astelehen, astearte eta ostegun arratsaldean Kultur Etxe aurrean; eta asteburuetako arratsaldeko zazpietatik aurrera Plazan.

Mugimendu honetan lanean hasi nintzen herritarron garaia dela uste dudalako, Euskal Herriak bizi duen garai berri honetan asko dugulako aportatzeko eta egiteko. Eta konbentzimendu horrekin jarraitzen dut; guk erabaki behar dugu nolako herria nahi dugun, inork inposatu gabe zer izango garen. Hobeto edo okerrago egingo dugu, guk egindakoa izango da, ordea.

Horregatik animatzen zaituztet bertan parte hartzera. Guztiok elkarri eskutik emanda, jende zoriontsuagoa izango garelako herri libre batean!

Ekainaren 10ean, guztiok Giza Katera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide