Hau dun, hau, gizonon patua…

Motzean azalduta nahikoa ninan: “Bai, arrazoia dun, horrelako tituluarekin gizonoi bakarrik zuzenduta zagon nire ‘aztarka’; aurrerantzean kontu handiagoarekin ibiliko naun”. Horixe jartzea nahikoa zunan, motzean. Nik, bat-batean idazteko, facebook-ik ez ordea! Eta arrazoi nagusiena: nire desenkusatze horrek ez al zinan beste haren antza hartuko?: “Sentitzen dut, huts egin dut, ez da berriz gertatuko” (Copyright, Juan Carlos I). Tira, broma giro pixka bat. Eskerrik asko Itsaso!

* * *

Badut sentiberatasuna hizkuntza sexista eta genero kontuekin. Garbi dago hizkuntza sexista baztertu egin behar dela erabat. Poz handia dut gauza horiei buruz bikain hezia izan nintzelako, nire zorionerako, ikasle denboran. Eta ez dut harrokeriagatik esaten hori, baina kontatu nahi dizuet nondik datorkidan.

Unibertsitateko ikasle gisa, Salamancan bizi izan nintzen bi urte haietan, oso zoriontsua izateaz aparte, nire burua janzteko ere asko balio izan zuen egonaldi hark. Gure topalekuetako bat La Luna taberna izaten zen, alde zaharrean, eta La Lunan Karmen zegoen, Salamancako Emakumeen Asanbladako buruetako bat zena, ni baino zaharxeagoa. Bere senarra ere, Karlos, oso militantea zen eta laster egin ginen lagun-min senar-emaztea eta hirurok. Makina bat aldiz egondakoa naiz, garai haietan, beren etxean eta feminismoaren inguruan izaten genituen hamaika hizketaldi emankorrez gain, beren liburuen artean gai horri buruzko makina bat irakurri nituen: esate baterako, Simone de Beauvoir oso gustukoa zuten eta garai haietan irakurri nuen lehenengo aldiz. Baina beste dozenaka irakurriko nituen (beste adibide bat jartzearren, Editorial Revolución-ek bilduma berezia zuen feminismoari eskainia, eta oso liburu “kañeroak” ziren haiek). Tira, asko ikasi nuen haiekin.

Gure orduko eztabaida bat, behin eta berriz mahai gainera ekartzen genuena, zen ea gizonok emakumeen maila berean defenda genezakeen “kausa” edo “borroka” feminista (orduan horrela hitz egiten zen). Nik orduan baietz uste nuen –edo gutxienez, beren mailara hurbildu behintzat egin gintezkeela– baina Karmenek garbi-garbi zuen ezetz. Eta adibide bat jartzen zidan: zuri bat izan liteke beltzen eskubideen defendatzaile? Bai horixe. Eta sekulako lana egin dezake, askotan beste edozein beltzek baino gehiago. Baina zuri hori, sentsibilitate maila gorenera iritsita ere, beti zuria izango da eta, nolabait esateko, beti “kanpoan” geratuko da, zuria delako. Feminismoarekin ere berdin: gizonezkoa, feminismoaren maila gorenera iritsita ere, gizon jaio da, hau da, sinplifikatuz, kontrako bandoan jaio da.

Zer pentsatua ematen zidan Karmenek, eta inoiz ez nengoen guztiz seguru esaten zuena horrela ote zen edo ez.

Geroztik, bizipen haiek utzi zidaten “aztarna” edo “ukituagatik” saiatu naiz nire bizitzan ahalik eta sentiberena izaten gai horietan, baina (beti dago baina bat) gizonak gara eta gutxiena uste duzunean, irrist egiten duzu eta hanka sartzen duzu. Gizonak gara, munduko sentiberenak izanda ere.

Honek guztiak, desenkusa itxura badu ere, “mea culpa” bat gehiago izan nahi du. Seguruenik gizonon patua da eta. Kito.

* * *

Nire artikulu hauek beti behar dute, ahal bada, irizpideak betetzea, hau da, “aztarrika” egitea (bilaketa) eta Zestoa izatea gaia.

Lehen aipatu ditudan gai horietan, gure bidelagun fin izan zitezkeen emakume haiek gogoratu nahi nituzke hemen. Lehendabizi, gure amak eta, batez ere, ama baserritarrak. Ondoren, gure historiako emakume mugimenduetako parte izan diren guztiak, Emakume Abertzale Batza hartatik hasita. Gero, gure lehen alkate izan zen Garbiñe Iglesias hura eta geroztik agintera iritsi diren emakumeak. Gure Axun Arrazola. Eta, bukatzeko, sexu-identitatearen korapiloa eta guruzbide astuna eraman behar izan dutenak, garai ikaragarri zail haietan (Martin-Martiña…). Eta beste asko eta asko.

Konpromisoa hartu nahi nuke, hemendik, lerro hauetatik, emakume haien ekarpen “feminista” ezagutzera emateko informazio pitin bat biltzen hasteko. Merezi dute-eta! Bai horixe!

Argazkia: Martiña (Margaret Legardaren argazkia). Martiñaren kasuan, identitatearekin lotutako zerbait berezia badagoela badakigu, baina gaia tabua da. Agian hala izaten segi behar du. Baina, akaso, ez ote du goraipen xume bat ere merezi? Hurrengo baterako gaia…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide