Albisteak

Hemendik aurrera komertzioetan eskuratu ahalko dira poltsa konpostagarriak

Urola Erdiko Mankomunitateak lehiaketa antolatu zuen 2016ko apirilean poltsa konpostagarriak komertzioetan banatzeko. Hautaketa prozesuaren ondorioz, Zestoan La Huerta del Pais dendan banatuko dira poltsa konpostagarriak eta Arroabean Keixa Frutadendak hartuko du lan hori.

Denda horiek urtebetez banatuko dituzte poltsa konpostagarriak doan eta erakusleihoan pegatina borobil bat izango dute, poltsak bertan banatzen direla adierazteko.

Poltsa konpostagarrien biribilki bat jaso daiteke doan (40 poltsa) eta etxeko helbidea eman beharko da kontrol neurri gisa. Urtean gehienez 12 biribilki jaso ditzake familia edo etxe bakoitzak. Bestalde, Mankomunitateko kideek azpimarratu nahi dute banatuko diren poltsa konpostagarriak janari ondarrak botatzeko soilik erabili behar direla, ez beste hondakinak botatzeko.

Mankomunitateko kideek adierazi dutenez “aldaketaren helburua herritarrei poltsak jasotzeko modua hurbildu eta erraztea da. Poltsa konpostagarriak jasotzeko aukera auzo ezberdinetara zabalduko dugu. Beraz, herritarrek erraztasun handiago izango dute poltsak eskuratzeko komertzioek ordutegi zabalagoa baitute.”

Horretaz gain, Urola Erdiko Mankomunitatetik eskerrak eman nahi dizkiete hondakinak modu egokian sailkatzeko ahalegina egiten duten herritarrei.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide