Paperekoa

HERIOTZARI IRRIBARRE – Maialen Kortadi Iparragirre

Zorioneko sentitu naiz; mahaian jarri eta kalabaza-pure platerkada prestatu berria daukat aurrean, leihotik begiratu eta eguzkiak mendi eta zuhaitz bustiak berotu eta lehortzen dituela ikusten dut, atzera begiratu eta egun politak pasatu izanaren goxotasuna sentitzen dut. Oraintxe heriotzak harrapatuko banindu irribarretsu eramango ninduke.

Azken urteetan irailak heriotzarekin lotzeko joera hartu du nire bizitzak. Eta ez diot beldurrik heriotzari baina bai agurrari, bai helmuga horren bideari. Gizarteak ez nau prestatu agurtzeko, eskolak ez nau prestatu maite ditudanak joan egin direla onartzeko, familiak ez dizkit arau horiek irakatsi baina bizitzak behin baino gehiagotan jarri nau egoera horretan. Helduak, gazteak eta umeak agurtu ditut; triste, oso triste, amorratuta, puskatuta… hainbat modutan eta beste aukerarik izan gabe. Eta beti nahi baino lehenago.

Heriotzak neure lekuan jartzen nau, zaplazteko bat eman, begietara begiratu eta beti esaten dit: “Maialen, bazenekien; edozein momentutan etor zitekeen”. Eta arrazoia eman behar izaten diot. Minik kendu ez arren negarrak baretu egiten nau eta negar-malkoekin batera pentsatzen dut bizitza bizitzera etorri naizela, alferrik nabilela esplikaziotan eta beldurrez josita. Eta esan dezaket beldur askori oso lotuta nagoen arren, beste batzuk dagoeneko zakarrontzira bota ditudala eta beste hainbat kate ere apurtu ditut aske bizitzeko gogoz.

Izarretara joaten naizenean zoriontasun eta bake sentsazioarekin iritsi nahi nuke eta orduan topo egingo dut hainbeste maite dudanaren besarkada goxoarekin eta berriro ume bihurtuko naiz bere besoetan; eta bestearen besarkadak erakutsiko dit, urruti egon arren, ez dela galtzen laguntasuna benetakoa baldin bada eta ostegunetako gosariari ekingo diogu berriro ere; pilota partidak ikustera ere joango naiz eta txaloak joko dizkiot begi berezidunari; eskua ere emango diot ilehori politari eta paseotxoak emango ditugu lehengo moduan… Baina horiengana joan bitartean hemen zoriontsu izango naiz, heriotza datorkidanean irribarretsu harrapa nazan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide