Albisteak

Herritarren parte-hartzearen bidez Zestoako Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera irekia deitu du Udalak

Herritarren parte-hartzearen bidez Zestoako Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera irekia deitu du Udalak datorren irailaren 18rako, asteartea. Arratsaldeko 19:30ean izango da, Kultur Etxean. Bileran, Kultur Etxeaz eztabaidatzeko asmoaren berri emango da eta parte-hartzaileen ekarpenak jasoko dira.

Zestoako Kultur Etxea zabaldu zenetik 25 urte bete dira eta urte guzti hauetan, gizartea, kultur jarduerak eta kultur eragileen beharrak asko aldatu direla azaldu du Josetxo Mendizabal alkateak. “Urte horietan, Kultur Etxean moldaketa batzuk eginez, nola edo hala erantzun zaie aldaketa eta behar horiei baina uste dugu iritsi dela momentua gaiari adarretatik heltzeko eta behar diren egokitzapen edota aldaketa sendoak egiteko” adierazi du.

Hau guztia dela eta, Kultur Etxeari buruzko eztabaida prozesua zabaltzea proposatu du Udalak, parte-hartzean oinarrituta. “Prozesu horren ondoren, Kultur Etxearen inguruko diagnostikoa (ahuleziak eta beharrak) eta aurrera begira egin beharreko hobekuntzen proiektu teknikoa edukiko da. Kultur Etxeari buruz egiten den gogoetak behar berriak identifikatzeko ere balioko du (Kultur Etxetik kanpo ere bai)” esan du Mendizabalek.