Albisteak

HORTIK ZIHAR: Udane Cabanillas Ingalaterran

Zer dela eta Ingalaterran?

Egia esan ez zegoen nire planetan. Ekainean amaitu nuen Artearen Historiako gradua eta masterra egitea nuen pentsatua. Ez nekien zertan espezializatuko nintzen eta urte bateko atsedena hartzea erabaki nuen.

Hau horrela, ingelesa behingoz ondo ikastea nahi nuen horregatik aukeratu nuen Ingalaterra. Italiarekin maiteminduta nago eta nahiago dut Florentzia edota Erroman egon, baina azkenean hemen nago, Ingalaterrako Egham herrian. Hala ere, Italia ez dago hain urrun. Gezurra badirudi ere, “nella piccola Italia” n bizi bainaiz.

Ingalaterrara “Au Pair” (umezain) gisa etortzea erabaki eta internet bidez hainbat familia ikusi ostean, Pippo-ren familiarekin egin nuen topo. Bere profila oso erakargarria iruditu zitzaidan etxean italiera egiteko aukera izango nuelako, baita ingelesa ikasteko aukera ere.

Zein da zure egunerokotasuna?

Familia bost kidek osatzen dute, Pippo (Giuseppe) eta Daniela dira gurasoak, bikiak Marco eta Benedetta hamar urtekoak eta azkenik Edoardo lau urtekoa. Nire egunerokotasuna, batez ere, umeen zereginetara murrizten da. Goizetan eskolara eramaten ditut 08:40tarako eta gero 15:30tan jasotzen ditut. Hemen, han ez bezala, nahiko arratsalde motza izaten dute umeek, (kontuan izan 17:30ean euren afaria prestatzen hasten naizela). Eta bai, pixka bat ezagutzen nauzuenok badakit zer ari zareten pentsatzen, ume gaixoak. Onartu beharra daukat ez naizela oso trebea sukaldean, nire tortilla patatari Udane mess (nahaspila, Eton mess postre famatua bezala) izena jarri genion. Baina antza denez, nahigabea ematen diet eta platera txukun-txukuna uzten dute! Etxeko txikienek amaitzean, handien txanda izaten da. Gure nahia umeak gaueko zortzietarako lo egotea izaten da baina askotan ez dugu lortzen.
Hau guztiaz gain, ingeleseko kurtso bat egiten ari naiz. Guztira, astean bost ordu egiten ditut. Aste bukaerak libre ditut eta Londres gertu izatea izugarrizko luxua da!

 Zer topatu duzu han?

Batez ere lasaitasuna. Galdera hau erantzun motz horrekin utziko nuke egia esan. Onartu beharra daukat, oso zaindua dagoen inguru batean nagoela. Eton edota Windsor ondoan dauzkat eta parke ederrez inguraturik daude. Ingelesak hemengo ekosistemara moldatzen saiatzen dira,
etxe guztiek dute lorategia eta oso ondo daude zainduta. Lorezaintzari garrantzi handia ematen diote, zuhaitz eta zelai benetan ederrez murgildua nago. Aurrekoan, adibidez, etxeko lorategian azeri batekin egin nuen topo! Naturarekiko duten konexioa asko gustatzen zait, Akuarekin ohituta zaila izaten da pareko leku bat aurkitzea.

Hala ere, nahiz eta ingurumenari horrelako garrantzia eman, supermerkatura joanez gero barazki guztiak plastikoz bilduta daude! Honen harira, birziklatzeko modu ezberdina dutela aipatzea nahiko nuke. Hasteko, nahiko zaila izaten da kaletik zakarrontziren bat aurkitzea. Etxeko zaborrari dagokionean, hiru ontzi bakarrik dituzte. Batetik, gurean bezala, organikoa bereizten dute ontzi txiki batean. Horrez gain, bi ontzi bakarrik dituzte, nire kasuan bat gorria eta bestea zuria. Beraz, gorrira birziklatu ez daitekeen zaborra botatzen dugu. Hori bai, birziklagarria den ala ez jakiteko, produktuaren bilgarrian begiratu behar da. Uste baino gauza gehiago bota behar izaten ditut ontzi gorrira, askotan han teorian birziklatzen dena hemen gorrira doa. Eta azkenik, ontzi zuria dugu. Bertara birziklatu daitekeen guztia botatzen da, hots, birziklagarriak diren plastiko, kristal edota kartoiak. Bai, dena gune berera botatzen dugu, bereizketaz beraiek arduratzen dira. Ontzi honetara, ordea, dena garbi bota behar da. Hau da, jogurt goxo bat janez gero, ontziratu aurretik uretatik pasa behar da eta lehortzen utzi. Zuek ez dakit, baina nik behintzat ez dut inoiz ezer garbitu zakarrontzira bota aurretik.

Bestalde, oso denbora gutxi eman dut hemen gizarte ingelesaren inguruan hitz egiteko eta etxean italiarrekin egonda, ingelesen egunerokotasunaren inguruan ezer gutxi azaldu dezaket. Esan daiteke, izebergaren punta bakarrik ikusi dudala. Baina onartu beharra daukat nahiko zuzen eta edukazio onekoak direla.

Hala ere, zuzentasun hori kasu batzuetan gehiegizkoa izaten da. Adibidez, aurrekoan, txikienarekin eskolara bi minutu berandu iristeagatik ate guztiak itxi zizkiguten. Andre bati esker jakin nuen tinbrea jo behar nuela. Edoardorekin nengoela, bi ateak ireki eta txikia bulegotik sartu zuten bere ikasgelara. Nik, koaderno batean berandu iritsi izanaren justifikazioa idatzi behar izan nuen. Okerrena da komeri gehiago izan nituela irteteko sartzeko baino! Irteterakoan, ateak berriro itxita aurkitu nituen, antza botoi berde bati eman behar nion baina ez nuen ikusten. Hiru aldiz bulegora joan ostean, atezainak nirekin etorri behar izan zuen behingoagatik eskolatik atera ahal izateko. Kontakizun honekin, ikusten da ingelesen “modu egokiak” eta nire izateko era ez doazela bat!

Zer eramango zenuke hemendik horra?

Galdera hau nire amak erantzungo luke ondo. Kanpoan egon naizen azken urtetan beti kaxak bidaltzen dizkit janari, edari eta maletan sartu ez zaizkidan arropez josita. Beti ere janaria botatzen da faltan kanpoan garenean eta Ingalaterran are gehiago! Hala ere hiru aste bakarrik egin ditut hemen eta oraindik ez dut “nostalgika” jartzeko denborarik izan. Gainera, italiarrekin nagoenez janariarekin ez daukat inolako kexarik.

Hots, janaria ekarriko nukeela esan beharrean, euskaldunak diren jaki ederrekin egiten ditugun bazkari, afari edota tradizioz beteriko festen hutsunea sentitzen dut kanpoan naizen guztietan. Azken finean, ez da berdina amamaren baba gorriak Txapeiko sukaldean jan edo hemen jan!

Eta zer ekarri handik hona?

Tea, punta-puntako txokolateak saltzen dituzten negozioak eta motxean, Londres osoa. Bertako museo edota galeriak eta batez ere, hiriak transmititzen duten energia frenetikoa.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Oraintxe iritsi naiz, beraz, guztia ikusteko daukat. Hala ere nire ustetan behin Ingalaterran egonda, Londres ikusi gabe ezin da joan etxera. Baina behin hemen naizela, Stonehenge-ra joatea da nire helburuetako bat.

Noiz arte hor?

Zestoako festak bete-betean utzi nituen egunean otsailean etxera joango nintzela esaten nuen, baina azkenean uztailera arte geldituko naiz. Ingeleseko kurtsoa ekainean amaitzen da eta umeek eskola uztailean amaituko dutenez ordura arte hementxe geldituko naiz. Espero Brexit-ak ez didala inongo oztoporik jarriko! Hala ere, azaroak 22an etxera noa graduazioko zeremonia daukadalako eta Gabonak ere han igaroko ditut.

Leku bat:
Tate Modern. Lau ordu igaro nituen bertan, oraingoz gehien goxatu dudan lekua izan da. Museo hau Londresen dago, Tamesis ibaiaren alboan. Lehen fabrika bat zen eta orain museo bilakatu dute. Arte garaikidearen inguruko munduko museo handienetarikoa da, izugarrizko bilduma oparoa dago. Ikus daitezkeen artelanak garrantzi handia dute. Seguruenik, hemengo egonaldia amaitzean, zailagoa egingo zait toki bat hautatzea, baina oraingoz honekin gelditzen naiz.

Plan bat:
Nahiko eguraldi ona egiten ari denez, pasa den egunean, ni bizi naizen lekutik Windsor Castle arte ibiltzen joan nintzen bertako parke handietan zehar. Primeran daude ibiltzera joateko, bizikletan ibiltzeko edota korrika egiteko. Oso zabalera handia duten zelaiak dira, oreinak eta guzti ikus daitezke bertan! Behin ordu eta erdiz ibili eta Windosor-eko gaztelua ikustera joan nintzen. Egia esan, izugarrizko itxaropenarekin sartu nintzen hara eta gure koadrilan esaten dugun moduan “hortzetakua” hartu nuen.

Baina, egia esan desilusioak gutxi iraun zuen. Egun  pasa hau, ingeleseko kursoko gelakide batzuekin egin nuen, eta batera joan ginen bazkaltzera. Gure sorpresarako, ikasle txartela izanagatik “curry chicken” platera doan genuen. Hasieran, zerbitzariari ez niola ulertu pentsatu nuen baina ez, ikasle izateagatik jatetxe batean ezer ordaindu gabe jan genuen sei lagunek. Ez dakit haragia oilaskoarena izan beharrean arratoiarena zen, baina oso goxoa zegoen!

Janari bat:
“Fish and Chips”, litzateke Ingalaterra aipatzean burura etortzen zaigun lehenengo plater tipikoa. Kontua da, hango arrainekin ohituta, ez dudala burua galdu arrai arrautzaztatu patatekin jatean. Beti esan ohi izan da ingelesak ez direla oso trebeak sukaldeko aspektuan, ziurrenik hori izan daiteke arrazoietako bat telebistan sukaldaritzako horrenbeste kate izatearena. Hala eta guztiz ere, onartu beharra daukat, beste kulturetako jakien inguruan duten estimu eta kuriositatea asko gustatzen zaidala. Aspektu horretan oso toleranteak direla esango nuke, jatetxetan izugarrizko aukera aurkitu daiteke.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide