Albisteak

Iker Aldazabal, preferente taldeko entrenatzailea: “Aurtengo helburua mailari eustea da”

Iker Aldazabal ondarrutarrak eta Luis Mari Lasa mutrikuarrak zuzenduko dute aurten preferente taldea. Pasa den hilaren 16an hasi zuten 2018-2019 futbol denboraldia. Lehen bi partidetako emaitzak onak izan ez diren arren, lana “gogor” egingo dutela azaldu du Aldazabalek. “Aurtengo helburua, mailari eustea da” esan du.

Lehen aldia da ondarrutarrak preferente mailako talde bat zuzentzeko ardura hartu duena. Lehenago, infantil, kadete eta jubenil mailatan aritu da lanean. Betidanik ibili da futbol munduan murgilduta, Ondarru, Mutriku eta Mendaroko taldeetan ibili izan da futbolari gisa. Aurten, Zestoako taldea entrenatzeko proposamena egin zioten eta aukera aprobetxatzea erabaki zuen. “20 jokalariko taldea daukagu eta giro ona dago aldagelan” adierazi du Aldazabalek. Oraingoz, partida bakarra jokatu dute Zestoan eta zaleen partetik harrera ona izan dutela azaldu du entrenatzaileak. Denboraldian, guztira 30 partida jokatuko dituzte. Hurrengo partida, Beasainen aurka jokatuko dute, datorren larunbatean, arratsaldeko 16:00etan, Iraetako futbol zelaian.