Albisteak

Itxaropena Dantza Taldeak “Plazara” ikuskizuna eskainiko du larunbatean

Urtero legez, kurtso amaierako ikuskizuna eskainiko du Itxaropena Dantza Taldeak datorren larunbatean, hilak 16. Kiroldegiko lanak direla eta, aurtengo emanaldia Laranjadi plazan izango da, arratsaldeko 19:00etan. 7 eta 14 urte bitarteko sei talde eta  helduen taldea arituko dira oholtzan, guztira 80 dantzari inguru musikarien laguntzaz.

Plazara izena jarri dioten ekitaldia hiru zatitan banatuko da. Lehenengo zatian, Gipuzkoako brokel zikloko dantzak egingo dituzte. Bigarrenean, erromeri eta plaza girokoak eta amaitzeko, azken zatian, Luzaide eta inguruko dantzak. Urte guztian zehar, astean behin elkartu izan da talde bakoitza eta azken bi astetan, bi entsegu orokor egin dituzte talde guztiek batera.

“Urteroko formatua utzi eta plazarako saltoa egingo dugu aurten, dantzaren berezko lekura joko dugu. Gogotsu eta ilusioz gaude” azaldu dute ekitaldian parte hartuko duten dantzariek. Itxaropenako kideek herritarrei ekitaldira joateko gonbidapena luzatzen diete.

Ikusi joan den urteko ekitaldiaren laburpen bideoa hemen.