Izenik ez daukana

Kasualitateak nahi izan zuen nire amaren jaiotzaren urtemuga ospatzen ari nintzen egun berean, lagun baten semearen heriotzaren berri izatea: 2013ko martxoaren 4an, Agustin Erkizia eta Eva Bilbaoren seme zaharrenak, Josebak, bere buruaz beste egin zuen 17 urterekin.

Kasualitateak nahi izan zuen, une hartantxe –aste batzuk gorabehera– Piedad Bonnett idazle kolonbiarrak bere libururik gogorrena eta hunkigarriena argitaratzea: Lo que no tiene nombre. Duela gutxi, egunkari batean argitaratu zen elkarrizketa batean (El Diario Vasco, 2018-02-11) Agustin Erkiziak dio aurrera egiteko oso lagungarria izan zitzaiola irakurketa, batez ere, “oso esperientzia pertsonal gogorra” bizi izan dutenen testigantza. Niretzat ere lagun bikain-bikainak dira liburuak, eta nire nortasuna, neurri handi batean, irakurketaren bitartez eraiki da.

Bonnett-en liburua gogorra da, ez dago kontsolamendurik eta, hala ere, behar nuen horrelako liburu bat irakurtzea. Idazlearen seme gazteenak bere buruaz beste egin zuenean, Piedad Bonnett eta familiak erabaki zuten ez zutela gertatutakoa ezkutatuko: “Daniel ez zen hil lasai-lasai ohean, lasaigarriz lokartuta (…) baizik eta bost solairuko etxe batetik salto egin zuen, kalean lehertzeko”.

Erkiziak dio suizidioaren aurrean gizartearen erantzuna dela isiltasuna, erabateko isiltasuna. Bat dator idazle kolonbiarra ere: “[Semeak] bere buruaz beste egin zuela jakitean, askok ahopean hitz egiten dute, delitu bat edo bekatu bati buruz hitz egiten ariko bagina bezala. Senitarteko batek deitzen dit esateko asko sentitzen duela istripuarena. Nik, saminak kemen pixka bat emanda, ez dut oharkabean pasatzen egia saihesten duen hitza: Ez zen istripua izan, esaten dut. Orduan bestearen ahotsak erantzun egiten du eta galdetzen du ea ez al zuen ba auto batek harrapatu. Orain ulertzen dut zehazki zein den kontua. Ez, ez zuen autoak harrapatu. Danielek bere buruaz beste egin zuen, esaten dut. Isiltasuna. Bistakoa denez, norbaitek, gizon helduren batek, sinestunen batek, intolerante batek gezurra esan dio nire senitartekoari. Zer gauza arraroa, esaten du baldar samar. Dolumin nahaspilatsuak eman eta eseki egiten du”. Eta pixka bat aurrerago: “Harritu egiten nau ikusteak, ezagutzen ditudan hainbat intelektual lotsatu egiten direla heriotzaren aurrean, ez dakite besarkatzen, paralizatu egiten dira ni ikustean. Aldiz, hogei urtean baino gehiagotan gure etxera konponketak egitera etortzen den igeltseroa nabarmen hunkitzen da albistearekin”.

Tabua da suizidioa. Eta ez da edozein moduzko arazoa. Euskal Autonomi Erkidegoan 200 lagun inguru suizidatzen omen dira urtero. Ez da kontu makala. Zestoan bertan ere izan ditugu kasu bat baino gehiago… Eta ez dugu asmatzen nola jokatu. Nik neuk, nahiz eta etxean senideak hil diren momentu zehatz haietan han aplikatu naizen eta esperientzia hura bizi izan dudan, ez dut asmatzen nola jokatu, zer esan, nola lagundu, horrelako egoera batean aurkitu den lagunari. Nola edo hala, hitz egiteko beldurra kendu behar dugu, trantze hori bizi izan dutenei entzun eta beraiengandik ikasi.

Josebaren gurasoek, Agustinek eta Evak, beste batzuekin batera, Biziraun Elkartea sortu dute, “maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea”. Eta ikaragarri poztu naiz martxa ederrean hasi direla jakitean eta han eta hemen, Euskal Herrian, solasaldi mordoxka bat antolatzen ari direla ikustean.

Ikaragarri pozten naiz ekimen horrek makina bat familiarren mina goxatzeko balioko duelako, galera traumatiko hori jasan duten familiek ez dutelako bakardadean igaro beharko dolua. Ikaragarri pozten naiz tabu bat askatzen asko lagunduko duelako, isilpean dagoen errealitate horri ahotsa jarriko diotelako, eta konfiantza, komunikazio eta laguntza gune bat sortzen ahaleginduko direlako.

Biziraun ez da, ordea, barrura begira bakarrik lana egin nahi duen taldea. Bere helburua da, baita ere, kanpora, gizartera ateratzea eta beste talde batzuekin eta suizidioaren fenomenoarekin erlazionatutako profesionalekin (osasuna, hezkuntza, komunikabideak, erakundeak, ikerkuntza …) harremanak estutzea. Horretarako, han eta hemen antolatzen diren hamaika heziketa-ikastaroetan eta hitzaldietan parte hartzen dute, era horretan, osasun publikoko arazo baten aurrean gaudela ohartarazteko eta gizartea sentsibilizatu eta hezteko. Asmo horiek denak bere web gunetik (biziraun.org) jaso ditut eta gomendatzen dizuet irakurleoi ere hura bisitatzea.

Helburu horietaz aparte, lehen aipatu dudan egunkarian, oso erronka interesgarria planteatzen du Agustin Erkiziak: “Arazo erreal bat daukagula aitortzea eta suizidioaren prebentziorako plangintza bat egitea, hainbat eragilek parte hartuz; izan ere, ezin baitaiteke utzi bakarrik Osasun arloaren esku, edo Hezkuntza arloaren esku, edota larrialdi deiei erantzutera joaten diren Ertzaintza edo Suhiltzaileen esku bakarrik. Euskadin, Osasun Publikoak, Osasun Sailak eraman beharko luke planaren lidergoa eta Hezkuntzak eta Segurtasun Sailak ere parte hartu beharko lukete. Eta prebentzio plan horiek diru-kopuru bat beharko lukete”.

Biziraun taldearen helburuak eta erronkak handiak dira baina, ematen du, lanerako gogoa eta grina ere izugarria dela. Oraingoz euri tanta bat besterik ez da baina seguru nago beraien mezuak, pixkanaka-pixkanaka, euri txikiak bezala, gutako bakoitza busti egingo gaituela. Eta, denborarekin, denok urratsak emango ditugula, Agustinek egunkarian aipatzen duen bezala: “Seguruenik arrazoi franko dago (kulturalak, erlijiosoak, eta abar) gizarteari ez dietenak uzten bide horretatik joaten eta gaia naturaltasunez tratatzen, esate baterako, zorionez genero indarkeriarekin gertatu den bezala, edo Hiesarekin. Suizidioarekin jauzi hori eman behar dugu”. Seguru nago baietz, emango dugula jauzia. Bejondeizuela!

Argazkia eta informazio gehiago: biziraun facebook edo biziraun web




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide