Paperekoa

Jardunian – Elba Azpillaga

18 urterekin hasi zen pintxatzen eta 23rekin nazioarteko karteletan egotea lortu du Elba Dj-k. Disko jartzaile bezala ia erabat gizonezkoena den mundu batean sartu, aurpegia eman eta ospea lortzen hasi da, baina dena nahi gabe etorri zen, bila joan gabe. Zoria, berezko talentuak eta bere estetika deigarriak lagundu diotela aitortzen du Lasaoko arkitektura ikasle honek.

Nondik dator Elba Dj?

Nire aitagandik. Nire aita musikazale amorratua da eta txikitatik hori irakatsi dit, hortik dator nire musika zaletasuna. Bera hasi zen musika elektronikoarekin, ekipo txiki bat zuen eta gaixoaldia izan zuenean niri oparitu zidan. Ordurako niri ere musika elektronikoa gustatzen zitzaidan, ekipoa lortu nuenean, aitak erakutsi zidan apurrarekin, nuen material musikalarekin eta nire aitaren lagun musikariek lagundu zidatenarekin, hasi nintzen saltsan. Pixkanaka joan zen dena, jolas bat bezala zen hasieran, niretzako egiten nuen zerbait, etxean lagunekin festak antolatzeko. Konturatzerako teknika hobetu nuen. Lasaoko festetan jakin zuten nire aitaren herentzia existitzen zela eta han egin nuen nire lehen “pintxada”. Gero Donostiako denda bateko inauguraziorako deitu zidaten lagun baten bitartez. Publiko berri baten aurrean egon nintzen eta –hemen sartzen da estetika– jendeak erreparatu egin zuen nigan, emakume batek batez ere, nonbait harrituta geratu zen pintxatzen ikusi ninduenean: neska, Dj-a eta horrelako estetikarekin. Ordutik egin ditudan lan gehienak bere bitartez lortu ditut.

Ni ez naiz horren bila joan, baina aurpegia jarri dut jendearen aurrean eta azkenean deitzen joan zaizkit, bakarrik etorri den zerbait izan da. Baina badakit neurri handi batean hau dena emakumezkoa naizelako izan dela, emakume Dj oso gutxi daude, eta Euskal Herrian oraindik ere gutxiago. Neska, gaztea eta ezpainak gorriz margotuta, badakizu, atentzioa ematen du. (barreak)

Eta zure generoagatik deitzea, ez zaizu gustatuko

Ez, ezertxo ere ez.

Zure lanari balorea kentzen al dio?

Ezetz pentsatu nahi dut; azkenean, nahiz eta neska izan, lan txarra egingo banu ez lidakete deituko. Baina bai, pisua du emakumezkoa izateak kontratatzeko orduan. Azkenean, ekitaldi bakoitzean irudi bat eman nahi da, giro bat sortu. Eta jartzen duzun aurpegiak irudian eta giroan eragina du. Baldintza horrek nire alde jokatu du sarri. Nik uste dut aukerak aprobetxatzen jakin behar dela. Nik ez dut estetika zehatz bat sortu gehiago kontratatu nazaten.

Emakumeak musikan bide luzea du oraindik egiteko

Bai, asko dago egiteko, ni mugitzen naizen munduan behintzat, musika elektronikoan apenas dago emakumerik, nire publikoaren ehuneko 85a gizonezkoa da. Emakumezko Dj oso gutxi gaude eta gainera oso zaila dugu sartzeko; ez dakit zer pasatzen den baina pausua emateko mugak daude, gizonezkoen mundua da beldurra edo errespetua ematen du.

Jasan al duzu emakume izateagatik egoera desatseginik?

Bai, jaso izan ditut komentarioak modu txarrean, jarritako musikari buruz, gizonezko bati nekez hitz egingo litzaiokeen moduan. Ni neska naiz eta oso gaztea eta jendeak askotan begiratzen nau ezer jakingo ez banu bezala, tuntuntzat hartzen naute zentzu guztietan, teknikoki bai eta baita ligatzeko orduan ere. “Kable bat entxufatzen jakingo al du ba honek?” galdetuaz bezala begiratzen dizute hasieran, horrek gaizki sentiarazten nau. Eta behin, pintxatzen ari nintzela aitona bat jazartzen hasi zitzaidan, lana eta gero berarekin afaltzera joateko esanez. Nazkagarria izan zen.

Mesfidantzaz begiratu dizuten horiek, saioa ikustean harritu egingo dira, ezta?

Bai, gero ekitaldia ondo doala ikusten dutenean, dena zure esku dagoela eta jendea oso gustura ari dela ba konturatzen dira zerbait behintzat badakizula.

Eta zer da, hobbya edo lanbidea?

Neretzat hobby bat da, nik beste lehentasun batzuk ditudalako. Hala ere, konturatzen naiz, hilero-hilero zerbait lortzen dudala honekin. Eta niretzat oraindik ere harrigarria da. Baina egia da deitzen didaten ia ekitaldi guztietara joaten naizela, bata besteagandik oso desberdinak direlako eta esperientzia polita izaten da.

Zein izan da egindako ekitaldi garrantzitsuena?

Apirilean Zarautzen Nazioarteko Surf Txapelketan izan nintzen. Niretzat kristona izan zen, gauez, eszenatoki handian eta Grises eta John Berkhout-ekin.

Zuk sortzen al duzu kanturik?

Oraindik ez, baina ez da asko falta horretarako ere.

Nola antolatzen da Dj saio bat?

Lan handia du aurretik. Lehendabizi jakin beharra dago ekitaldian zer giro nahi duten sortu, zer motatako eta adinetako jendea egongo den, jatekoa badagoen edo ez, zer edari mota, kanpoan ala barruan den, egunez ala gauez… gauza asko galdetzen ditut, oso desberdina delako eguerdiko hiruetan musika bat jartzea edo arratsaldeko zortzietan beste bat jartzea. Kontratatzaileak ere esaten du, Chill out giroa den, edo dantza egitea nahi duten, edo konbertsaziorako musika lasaia nahi duten.

Horren arabera nire disko gogorra ateratzen dut eta hor emanaldiaren estilo musikala zehazten dut, baina beti beste mila estilo badaezpada ordenagailuan eramaten ditut. Inoiz ez dut ezer itxita eramaten, jendearen erreakzioaren arabera moldatzen joaten naiz, noski. Eta estiloa aukeratuta eraman arren, abestiak momentuan erabakitzen ditut.

Musika gustatzen zaizu, baina ez da zure pasio bakarra

Gustatzen zaizkit musika, arkitektura eta moda edo estetika mundua. Eta horiek uztartzen saiatzen naiz. Arkitektura eta estetika bat eginda daude eta musika, gaur egun ere estetika da, publikoari erakusten zaion aurpegia, eszenaren itxura eta ematen duzun presentziak estetika landua izaten du: sentsazio bat transmititu nahi da.

Zer da ba estetika?

Jarrera bat da, baldintza batzuei erantzutea. Estetikaren barruan ez dago ondo edo gaizki, baizik eta zuk transmititu nahi duzun hori defendatzea da kontua. Arkitekturan, esaterako, baldintza izan daiteke argia behar al duzun, edo iluntasuna; orduan koloreekin era batera edo bestera jokatu beharko duzu. Estetika pertsonalean berriz, moda bat jarraitzen baduzu, heavy-a edo hippya esaterako, zuk defendatzen duzun hori adieraztea lortu behar duzu.

Zuk zer estilo duzu?

Nik ez dut modarik jarraitzen, nire erara joatea gustatzen zait, egun batean joango naiz pija, beste batean heavy, dena gustatzen zait; beraz hori adierazten dut, momentuan sentitzen dudana janzten dut, horiek dira nire baldintzak.

Eta edertasuna eta elegantzia zer dira?

Nire ustez edertasuna denok daukagu eta puntu desberdinetan. Niri ez didate kanonek balio. Zerbaitek nabarmendu egiten zaitu, hori da edertasuna. Niri txikitan burla egiten zidaten lepo luzea nuelako, eta denborarekin ikasi dut desberdina dela, batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei ez, baina nire edertasunaren puntu bat da.

Dotoreziak ez du estetikarekin zer ikusirik, jarrera bat da, saber estar transmititzen jakitea da.

Zure estetikak atentzioa ematen du

Bai, badakit. Kontziente naiz baina ez zait inporta, hainbeste gustatzen zaizkit, bai kolore denetako makillajeak, gauza berritzaileak, zapata arraroak, konbinazio ikusgarriak eta abar, gustatzen zaidana janzten dut. Jantzi aurretik ez dut pentsatzen “gaur atentzioa emango dut”; ez, ez da hori nire helburua, gainera ni oso lotsatia naiz.

Makillajeari dagokionez, nik arkitektura ikasten badut ere, marrazten ez naiz oso jaioa. Baina aurpegiak margotzen, alegia makillatzen, horretan bai, ona naiz. Nere ustez aurpegi bat makillatzea koadro bat marraztea da, kolore asko erabiltzea gustatzen zait.

Eta zein da makillatzearen helburua?

Zu zeu ondo sentitzea. Ni “ahaltsuagoa” sentitzen naiz makillatuta baina egun seinalatuetan bakarrik makillatzen naiz. Egunero makillatuta joanez gero iruditzen zait ez zarela zu. Nire ustez aurpegia margotzea ez da inperfekzioak ezkutatzeko, baizik eta zure edertasuna indartzeko.

Noiz erabaki zenuen arkitektura ikastea?

Behin txikitan ingeleseko irakasleak etorkizunari buruz galdetu zigun ariketa batean, eta hor dagoeneko esan nuen etxeak diseinatu nahi nituela. Marrazketa teknikoa ere beti gustatu izan zait. Barne diseinua gustuko dut, interesa pizten didate formek, zergatik eta nola dauden eginda gauzak.

Zertan lan egin nahi zenuke?

Garbi daukat arkitektoa izan nahi dudala baina ez dut nahi arkitektura korriente bat egin, ez nuke nahi adibidez hemen inguruan dauden bezala etxebizitza bloke berdinak egitea.

Arkitektura soziala egin nahi nuke nik, gizartearen beharrei erantzuten dion arkitektura alegia. Adibidez, Zestoak behar badu eraikin kultural bat eta horrek Zestoako gizarteari lagundu egingo badio, horrek motibatzen nau. Eta arlo horren barruan paisajismoak pizten du nire interesa. Parkeak, lorategiak, paseoak diseinatzea adibidez, bertako landareri eta paisaia autoktonoari indarra emanez.

Adibidez, nire karrera amaierako proiektua faroen inguruan da, farozain oso gutxi geratzen dira eta gobernuan horiek pribatizatu eta luxuzko hotel bihurtzeko arriskua dago; nik faro horiei erabilera soziokulturala emateko proiektua sortu nahi nuke.

Motxean

Eraikin bat: Ronchamp eliza (Frantzia)

Bidaia bat: Mexiko

Liburu bat: Edgar Alan Poeren kontakizunak

Film bat: Blade runner

Abesti bat: Have you ever seen de rain (Creedence)

Gorroto: Jende faltsua

Mari Artano Izeta

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.