Paperekoa

Jardunian – JESUS MARI LANDA

Hogeita zazpi urte igaro dira Jesusmari Landa Txomin Zestoako Herri Ikastetxean lanean hasi zenetik. Datorren irailean hartuko du erretiroa. Urte horietan guztietan une txar gutxi bizi izan dituela dio. Ikastetxeko gainontzeko langileekin izandako giro ona etengabe aipatzen du. Hasiera batean, lankide zirenak orain beti gogoratuko dituen lagun bihurtu dira.

Duela ia hiru hamarkada lehen aldiz zapaldu zuen etxe hura uzteko garaia iritsi zaie Txomini eta emazteari. Hainbeste une berezi bizi izan dituzten etxea utzi, eta, erretiroa hartzearekin batera, erabateko aldaketa emango die bizitzak. Haurren sintonian bizitzera ohituta egotetik zestoarron artean hain ezaguna izan den “Txooomin!” oihua ez entzutera pasatuko da egun batetik bestera Txomin. Tristura handiarekin baina gogotsu emango dio hasiera aro berriari.

Noiz eta nola iritsi zinen eskolara?

Udalak oposizioak atera zituen eraikin berria egin zenean. Aurkeztea erabaki, eta lana eskuratu nuen 1989. urtean. Aurten hogeita zazpi urte egingo ditut eskola honetan lanean. Irailaren 5a izango da ikastetxeko nire azken laneguna.

Eskolan baino lehenago beste hainbat lanetan jardundakoa zara, ezta?

Bai, Guztiok Bat edota Zubiola enpresetan, esaterako. Horrez gain, hainbat urtetan, Osakidetzako zeladore lanak ere egin nituen Gipuzkoako hainbat anbulatorio eta herritan: Hernanin, Irunen, Azpeitian…

Aldaketa handia izan al zen lan honekin hastea?

Bai, oso handia, gehien bat hona etorri behar genuelako bizitzera. Lan honek garai hartan hori zekarren, atezain postua zuenak ikastetxean bertan bizi behar zuen nahitaez. Helburua eskolaren gaineko kontrola areagotzea zen, batez ere asteburuetan. Ikastetxea hutsik gelditzen zenean, norbaitek zaindari lanak egin behar zituen. Gaur egun hori aldatu egin da, eta atezainak ez du zertan ikastetxean bertan bizi beharrik.

1989ko abenduaren 1an hasi nintzen hemen lanean eta erregenak pasatu ondoren, familia osoa hona etorri ginen bizitzera. Denontzat izan zen aldaketa handia, ez niretzat bakarrik. Emaztea oso gustura zegoen, auzo honetakoa baita. Hala ere, aldaketa positiboa izan zen, baita haurrentzat ere, ilusioz hartu genuen.

Zer lan egiten duzu eskolan?

Alde batetik, eraikina kontrolatzea: ateak ireki eta itxi, berogailuak piztu eta itzali, argiak kontrolatu, irteterakoan dena ondo dagoela ziurtatu… Bestalde, atezain lanak ere egin behar ditut: fotokopiak atera, plastifikazioak egin, eskaneatu, postaz arduratu, erosketaren bat egin… Eskolaren mantentze orokorra ere egiten dut: sarrailak aldatu, argiak ongi funtzionatzen dutela ziurtatu…

Teknologiari dagokionez, eskolan aldaketa nabaria gertatu izango da hasierako garaietatik gaur egunera arte, ezta?

Bai, erabat. Ni lanean hasi nintzenean, ez zegoen ordenagailu bakar bat ere, gauza asko eskuz egiten genituen; gainera, garai hartan multikopiagailua geneukan. Urte batzuk geroago, pixkanaka, ordenagailuekin hasi ginen lanean. Gauza berri guztiekin bezala, ohitzea da kontua eta erabiliz ikasten omen da. Nire kasuan, gailu berriekin ondo moldatu nintzen hasiera-hasieratik. Beti gustatu izan zait, orain ere bai, eta gogoz egiten dut. Orain ia gauza guztiak eskaneatu egiten dira, dena informatizatuta dago.

Nolakoa izan da irakasleekin harremana?

Oso ona. Lanerako nire izaera nahiko ona dela uste dut. Haserre batzuk izatea normala da, beste lan guztietan bezala, baina tira, beste munduko ezer ez; oro har, oso gustura aritu naiz.

Urte asko daramatzazu hemen; ondorioz, irakasleez gain ikasleekin eta gurasoekin ere harreman estua izango zenuen seguru asko…

Azken finean, umeekin eta gurasoekin harremanetan zaude etengabe. Nire egunerokoan gurasoz, ikaslez eta irakaslez inguratuta nago. Hogeita sei urte egin ditut eskola kontseiluan eta harreman hori izatea ezinbestekoa da. Guraso pila bat pasa da kontseilutik. Orain dela urte batzuk haur zirenak orain guraso moduan etortzen dira. Horrelakoetan ikusten duzu zenbat zahartu zaren. Orain dela urte batzuk zortzi edo bederatzi urterekin ikastetxean zebilen haur bat orain bere haur txikiekin eskolara etortzen ikusten duzunean konturatzen zara gauzak nola eta zein azkar aldatzen diren.

Umez inguratuta egotean, haien gaiztakerien “biktima” ere izango zinen behin baino gehiagotan…

Bai, umeen kontuak dira horiek ere. Ohiko gaiztakerien artean dago, adibidez, komuneko horma guztiak paper bustiz betetzea. Aspaldian ez didate egin, baina lehen garai batean behin baino gehiagotan egiten zuten nolabaiteko jokaldia komuneko ateekin ere. Komuneko ateek behean tartea dute, segurtasun neurri gisa. Atea krisketarekin itxi eta beheko tarte horretatik alde egiten zuten. Gero hura irekitzeko izaten ziren lanak hasieran. Gerora ordea, praktika kontua zen. Umez inguratuta lan egiten duzunean gertatzen diren gauzak dira, ez diet garrantzia handirik ematen. Umeek bizipoza ematen dute, nahiz eta askotan zure energia hori xahutzen dizuten.

Nola ikusten zaituzte haurrek?

Askok, nire bilobek barne, eskolako nagusia naizela diote. Nik alde egiten dudanean eskola saldu behar ote dudan ere sarri galdetzen didate. Beste batek esaten zidan eskola ez zela nirea, ni gobernua nintzela. Denetik esan didate.

Eskolako txakurra ezaguna zen herritar guztion artean…

Dok zuen izena eta hamalau urte egon zen gurekin hemen. Schaunser handi bat zen, txakur alemana, oso ona. Haren lana nirekin batera eskola zaintzea zen. Gurekin egon zen urte guztietan ez zen inor eskolara sartu. Hogeita sei urtean behin bakarrik sartu dira, txakurra falta zenean, eta oraindik alarmarik ez genuenean. Orain eskolan eta etxean, leku guztietan daukagu alarma.

Gau batean sartu eta emazteak zaratak entzun zituen. Ikastetxeko lehenengo solairuan zeuden eta poltsa batzuk zituzten ordenagailuz eta bestelako materialez beteta. Eskolako argiak piztu bezain pronto ihes egin zuten. Aurrez apurtu zuten leiho batetik irten ziren.

Bukaera eman beharko zaio zure aro horri…

Zerbait antolatzen dabiltzala badakit. Urtero ikastetxeko langileok irtenaldia eta bazkaria egiten dugu, eta aurten nire agurra egun horretan izango delakoan nago. Ikastetxean bertan haurrekin ere egiten da festa moduko bat, baina hori sekretua izaten omen da. Baina ez da erraza sekretu bat mantentzea, haurrak tartean direnean.

Erretiroa hartzeko eguna gerturatzen doa. Nola ikusten duzu hastera zoazen bizitzako beste etapa hori?

Oraindik ez dakit. Alde batetik, lau biloba ditut eta haiek zaintzea tokatuko zait, gustura egingo dut hori. Bestalde, betidanik gustatu izan zait informatikaren mundua, eta horrekin lotura duen zerbait egitea ere gustatuko litzaidake. Bidaiatzea ere beti gustatu izan zait, eta bidaiatzen jarraitzea nahiko nuke. Eta gero betikoa, orain arte egiten dudan kirola egiten jarraitu, eta, zergatik ez, ahal bada pixka bat gehiago egiten ere saiatuko naiz.

Erretiroa eta etxez aldatzea eskutik lotuta doaz zure kasuan…

Bai, halaxe da. Pena handiarekin utziko dugu hau baina gogoa ere badaukagu. Adin batera heltzean umeek gero eta gehiago nekatzen zaituztela konturatzen zara. Baina, esan bezala, pena ere ematen digu. Hemen urte asko igaro ditugu eta hasiera batean lankideak zirenak orain lagun bihurtu dira. Giro oso ona izan dugu eskolan, ezin kexa naiteke. Aldi zailak ere izan dira, baina oso gutxi; oro har, dena oso ona izan da. Lagun asko egin ditut. Urte horiek guztiak ez nituzke ezergatik aldatuko, oso ondo bizi izan naiz bai etxean, baita eskolako jendearekin ere.

Zer esango zenioke hurrengo “Txomin” izango denari?

Lasai hartzeko, lana oso erraza da ez du beste munduko sekreturik. Bi gauza dira beharrezkoak lan honetan: alde batetik, umeekin pazientzia izatea eta bestetik, gogoa. Bi ezaugarri horiek betez gero, ni bezain gustura jardungo du ondorengoak ere hemen lanean.

Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide