Albisteak

Krosaren 40. edizioaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek

Igandean jokatu zen Zestoako Herri Krosaren 40. edizioa. Euriz zein emozioz betetako eguna izan zen. Beste behin, Zestoako Atletismo Taldekoek antolatu zuten proba eta oso gustura gaude lortutako emaitzekin, egun “benetan polita” izan zela adierazi dute antolatzaileek.

Eguraldi txarra zela eta “beldur” apur bat zutela aitortu dute baina hala eta guztiz ere parte hartzaileen kopurua handia izan zen.”Ibilbide txikian, parte hartzaileen %55a emakumeak ziren eta hori oso positiboa da guretzat. 2,6 kilometroko lasterketan herritarren parte hartzea nabarmendu behar dugu” azaldu  dute antolatzaileek.

Edizio borobila izan da aurtengoa eta Zestoako Atletismo Taldeko kideek Iñaki Irureta Triku, Jexux Goikoetxea Fati eta Jexux Izeta Koiote zena omendu zituzten. Hiru herritarrak izan ziren hain zuzen ere Zestoako lasterketa herrikoia martxan jarri zutenak.”Oso momentu hunkigarria izan zen eta omenduek euren esker ona azaldu ziguten” azaldu dute atletismo taldeko kideek. Jexux Izeta zenaren alargunak eta Fatik beren biloben eskutik jaso zuen oroigarriak. Iñaki Iruretari aldiz, bere atletismoko ikasle izandako Garikoitz Tabascok eman zion.

“Zestoako Atletismo Taldetik aurtengo krosa antolatzen lagundu diguten boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Aldi berean aurtengo krosa antolatu ahal izateko laguntza ekonomikoa eman diguten komertzio eta enpresei ere mila esker ematen dizkiegu” adierazi dute.