Albisteak

Kultur Mahaiak bilera zabala deitu du asteazkenerako

Asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean izango da Kultur Mahairen bilera zabala. Herriko kultur mugimenduaren norabideaz eta lehentasunez hausnartzen hasi ziren herriko zenbait kultur elkartetako ordezkari pasa den martxoan. Taldeen arteko komunikazioa eta elkarlana bultzatzeko beharra ikusi, eta behar horietatik hasi ziren lanean.

Laugarren bilera zabala izango da biharkoa. Maiatzean, aurretik herriko kultur taldeek betetako inkesten datuak aurkeztu eta Kultur Mahairen lehentasunak markatu ziren, pixkanaka Kultur Mahaiak izango zuen funtzionamendua nolakoa izango zen ere finkatzen hasi ziren. “Antolaketa horretan, kultur talde guztiak hilean behin biltzeko beharra ikusi zen. Udan geldiunea egon da, taldeen martxa ere gelditzen delako eta bihar hartuko dugu berriro ere martxa, ikasturte berriarekin batera” azaldu dute Kultur Mahaiko kideek.

Duela hilabete batzuk egindako inkesta haietan, kultur espazio baten beharra zen kezka nagusienetako bat. “Guk, irailean gai honi heltzea aurreikusten genuen eta kasualitatez, Udalak Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera egin zuen pasa den astean” adierazi dute. Bileran hartan izan ziren Kultur Mahaiko hainbat kideak ere eta han, euren kezkak azaldu zituzten. Alde batetik, Kultur Mahaian dauden talde batzuk bilerara zuzenean gonbidatuak izan ez zirela azaldu zuten. Bestalde, Udalak bilera ireki hori deitu aurretik Kultur Mahaiarekin harremanetan ez jarri izana kezkagarria zela esan zuten, “Kultur Mahaiak kultur espazioei lotutako edozein prozesu eta erabakitan ezinbesteko figura aktiboa izan behar du” nabarmendu dute. Taldeko kideek adierazi dute ez dutela Udalak gauza bat aurkeztu eta gero parte hartzea nahi, baizik eta denek elkarrekin diseinatutako prozesua izan beharko lukeela. “Gure ustez, herriko kultur panoramak, Kultur Etxearen berrantolaketa baino eremu zabalagoa hartzen duen parte-hartze prozesua eskatzen du”. Kultur Mahaiko kideen ustez, kultura ez da espazio fisiko batera mugatzen eta Zestoako Kultur espazioa ez da soilik Kultur Etxea. Hau guztia kontutan hartuta, biharko bileran, kultur espazioen beharra eta Udalak egindako proposamena izango dira gai nagusiak.

Kultur Mahaiko kideek taldeetako ordezkariak zein norbanakoak animatu nahi dituzte bilerara.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide