Kultura, gure arimari jaten emateko

Gaur eguerdian, Zestoako Interpretazio Eskolak prentsaurrekoa eskaini du plaza inguruan. Horretarako erabili duen eszenografiak eman dezake gaia artikulu oso bat egiteko: eskailera bat (gorantz begiratzeko joera), kaiola huts bat (kartzelak husturik?), besaulki bat (zein irudikatzailea den poltrona hitza eta zein zozoa besaulkia!)…

Kontuak kontu, irudiak irudi, zerbait idazteko gogoa sartu zait. Ezer baino lehen, miresmen eta errespetu izugarria diet herriko kultur talde denei eta horietan lanean dabiltzan denei, eta ez nuke nahi inor gutxiestea lerro hauetan antzerkia bakarrik aipatzen badut. Esana geratzen da.

Amancay Gaztañaga ez da Zestoako Guinness Errekorretara pasatuko antzerki talde bat sortu duelako (horretan, bere aitona Nikolas eta konpainia askoz lehenago ibili ziren) ezta Griseseko partaide delako ere (meritu handia da, baina musika arloan talde asko nabarmendu dira gure herrian). Amancay Gaztañaga Zestoako Guinness Errekorretara pasatuko da bera izan delako lehena, Zestoako Historian, Sofokles aukeratzen, gure herrian antzezteko.

Askok dakiten bezala, ni Historian lizentziatua naiz eta karrerako azken bi urtetan egin nuen espezialitatea Antzinako Historia izan zen, hau da, Mesopotamia, Egipto, Grezia, Erroma… Horrez gain, antzerki zalea izaki, asko miresten dut greziar tragedia (ez ahaztu han sortu zela mendebaldeko antzerkia, duela bi mila eta bostehun urte baino gehiago) eta, zeresanik ez, asko miresten ditut gure hiru handiak: Eskilo, Sofokles eta Euripides.

Horrela, bada, egundoko kuriositatea neukan ea zer dela eta aukeratzen dituen klasikoak gure Amancayk, eta hemen erantzuna: “Klasikoak garrantzia handia daukate, zeren-eta klasikoek emozioak lantzen zituzten, orain antzerki garaikidean lantzen ez diren bezala. Guk, teknikoki, protagonista-antagonista lantzen dugu, konfliktoa non dagoen, protagonistak zein helburu dituen eta hori antzerki klasikoan oso argi eta oso erraz azaltzen da. (…) Bestalde, aktoreok ez daukagu askotan suerte hori, Shakespeare bat interpretatzeko, edo Sofokles bat, eta hori aprobetxatzen dut eta ematen diet aukera handi hori.”

Bejondeiola! Nik neuk ezin izango nuen hobeto laburbildu.

Ematen du idazle tragiko bikain horiek oso-oso antzinakoak direla (esaterako, Euripides, hiruretan gazteena K.a. 484 eta 406 bitartean bizi izan zen, duela 2.500 urte inguru) baina, urtero-urtero, etengabe, antzezten dira beren lanak gaur egun eta munduan zehar. Eta antzokiak bete egiten dira. Zer gertatzen da ba? Bada, horixe, oinarrian, substantzian, oso gutxi aldatu garela ordutik hona eta orduko bizipenak ulertu eta geure egiteko gauza garela.

Finean, orduko emozioak eta gaurkoak antz handia daukate: maite dugun pertsonaren aurrean bihotzak berdin-berdin azkartzen du taupada, orduantxe bezala; seme-alabei onena emateko, etengabe laguntzen jarduten dute gurasoek, orduantxe bezala; pertsonen eskuzabaltasunak hunkitu egiten gaitu, orduantxe bezala; gizalegezko ekintzek poztu egiten gaituzte, orduantxe bezala; heriotzaren aurrean, negar egiten dugu, orduantxe bezala… Eta etikoki kontrajarriak diren jarreren aurrean, a!, horretan bai direla maisuak gure hiru dramaturgoak!

Helena bahitu diote greziarrei Troiakoek. Gaizki egina. Baina greziarrek, gerra irabazi ondoren, Troia oso osorik erre dute, denak akabatu, umeak barne, eta bizirik geratzen direnak esklabo egin dituzte. Nortzuk dira maltzurragoak: Troiako bahitzaileak edo Greziako hiltzaileak?

Troiako gerra. Hara doaz greziarrak baina itsasontziek ezin dute Aulideko portutik mugitu. Buruzagi batek, Agamenonek, bere alabatxoa sakrifikatu (hil) behar duela esan die jainkoak, eta halaxe egiten dute. Zerk balio du gehiago: Troiara joan ahal izateak Helena askatzeko, edo alabaren biziak?

Zestoako Interpretazio Eskolakoei egokitu diezaiokegun pertsonai klasikoa zein litzateke? Antigona agian? Emakume bat, gizonen gizarte hartan, Estatuaren legeak baino gehiago gizalegea defendatzen duena, eta erabaki bidegabekoei aurre egiten ahalegintzen dena? Edo Shakespearen Lear agian, bizitzeko leku egoki bat nahi eta ekaitzetara bidaltzen dutena?

Ikusten duzuen bezala, klasikoek askorako ematen dute. Gaur Amancayk esan duen bezala, “Kultura ematen du azkena dela gauza guztietan, baina ez dezagula ahaztu gure arimak ere behar duela jana, eta gure arimak kulturatik jaten duela”. Zein arrazoi bikaina!

Talde horrek behar du espazio bat, beren barruko mundu hori ateratzeko eta gurekin partekatzeko. Ez da erronka makala gurea moduko herri txiki eta baliabide gutxiko batentzat, baina egiten dugun esfortzuaren arabera idatziko dugu etorkizuna: altxor bikain bat beste herri batera eramaten, ezer egin gabe, utzi zuen herria; edo, horrelako aukerak behin bakarrik izaten direla pentsatu, eta gure ondorengoei antzerki zaletasun bikaina utzi zien herria.

Oraintxe dugu aukera. A! Eta azkar pasa Fati tabernatik, sarrerak amen batean agortuko dira-eta!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide