Albisteak

Kurtso berria “indarberriturik” hasteko batzarra egin dute Urola Kostako LABeko ordezkariek Zestoan

Urola Kostako LABeko ordezkariek kurtso berriari “indarberriturik” ekiteko batzarra egin zuten pasa den ostiralean Zestoan. Bileran, sindikatuaren plangintza osatu eta eskualdean garatu beharreko ekintza sozio politikoa zein izango zen adostu zuten.

“Patronalak blokeaturik dituen hitzarmenak berrartzeko eta negoziaketetan ditugunak langileen mesedetan hobekuntzak izan ditzaten borrokatzeko bide orria ezarri dugu” azaldu zuten sindikatuko kideek. Horrekin batera, enpresaz enpresa prekarietatea salatu eta hau gainditzeko bideak bilatzen jarraituko dutela adierazi zuten.

Bileran, eskualde mailan martxan diren eta etorkizunean etorriko diren herri ekimenetan parte hartzea eta hauek bultzatzeko egin beharrak ere adostu zituzten. Hala nola, urriak 20ko ‘Orain presoak’ manifestazioa, Euskaraldia, Korrika…

Batzarra bukatu ostean, elkarretaratzea egin zuten plazan “Estatalizazioa = prekarietatea” lemapean. “Estatu espainolak, sindikatu estatalisten eta patronalaren babesarekin, Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzeko planarekin aurrera jarraitzen dute. Bertako hitzarmenak blokeatuz, berriak inoiz ez negoziatuz… Bilatzen duten bakarra langileon zapalketa da. Jartzen dizkiguten zailtasunez gain ezin dugu ahaztu aurten zoritxarrez dagoeneko 50 langile hil direla”.

Ostiraleko elkarretaratzea Estatalizazioaren eta honek dakarren prekarietatearen aurka izan zela azaldu zuten baina egunero kalean egoteko motiborik ez zaiela falta azpimarratu zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide