Albisteak

Lasterbideanen parte hartzeko deia luzatu du Urola Kostako lagun talde batek

Euskal errepresaliatu politikoen eta euren senideen eskubideen aldeko nazio elkartasun lasterketa da Lasterbidean, kirolaren espresiotik, korrikaren esparrutik zehazki, garatzen dena. Laugarren edizioa izango du desagertzeko bokazioarekin jaio den ekimenak: Araian ospatuko da aurtengo lasterketa, ekainaren 5ean, 10.30ean hasita, eta bertan parte hartzeko deia luzatu du Urola Kostako lagun talde batek.

Lasterketa txikiak emango dio hasiera egun osoko egitaraua izango duen ekimenari. 2,9km-ko distantzia korritu beharko dute bertan parte hartzen dutenek eta izen-ematea egunean bertan egingo da, 9.30etatik 10.30ak arte, Aiarako udaletxeko plazan horretarako egokituta egongo den gunean. Hiru euro ordaindu beharko dira.

Lasterketa nagusia, berriz, 11.30ean hasiko da eta 8,5km-tako distantzia izango dute aurretik korrikalariek. Bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada eta ekainak 3 arte egongo da horretarako aukera. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, 12 euroren truke maiatzaren 23 arte eta 15 euroren truke ekainak 3 bitarte.

Zestoan ere jarri dute lasterketan parte hartzeko aukera. Koiote tabernan eman ahalko da izena eta lasterketaren egunean bertan, hots, ekainaren 5ean, Gurutzean egin dute zita goizeko 9.00etan Aiarara autotan elkarrekin joateko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide