Albisteak

Lehen disko luzea grabatzen ari da ‘Rodeo’ musika taldea

2016 urtearen amaiera eta 2017 urtearen hasiera lanez betetako garaia izaten ari da Rodeo musika taldeko kideentzat. Urtarrilaren hasieran lehen disko luzea grabatzen hasi baitziren, eta grabaketaren aurretik abesti berriak borobiltzen lanpetuta ibili ziren aurreko urtearen amaieran.

Urtarrileko lehen astean hasi ziren diskoa grabatzen Eñaut Gaztañagaren Gazatin Estudioan. Bateriak eta baxuak grabatu ostean, gitarrak grabatzen ari dira egunotan. Stoner Rock estiloko 11 abesti prest dituzte disko berrirako.

2016 urtearen hasieran bost kantaz osatutako maketa kaleratu zuen Mikel Illarramendik, Ortzi Alberdik, Beñat Subinasek eta Oroitz Urbietak osatutako taldeak. 2016ko azaroaren amaieran “Piztia” abestiaren bideoklipa kaleratu zuten, eta hemendik gutxira ikusiko du argia Rodeoren lehen disko luzeak.

Diskoa grabatzen buru-belarri baldin badabiltza ere, kontzertuak emateko gogoz dabiltza eta asteburu honetan bi kontzertu eskainiko dituzte: ostiralean (urtarrilak 13) Getariako Gaztetxean eta larunbatean (urtarrilak 14) Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean.

Hemen dituzue diskoaren grabaketako irudi batzuk:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide