Albisteak

Lehen urratsak Zestoako egoera sozialaren hausnarketan

Astindu taldeak osteguna hilak 14erako  herriko zenbait eragilerekin antolatutako mahai-inguruan lehen harriak jarri dira Zestoako egoera sozialaren hausnarketarako. Beste herrialde batzuetatik etorritako zestoarrak, Zestoako Txoko Feministako, Elikagaien Bankuko eta Gazte Asanbladako kideak izan ziren hizlari; eta lau ikuspegi desberdinetatik aritu ziren herriko egoeraz.

Zein da zure edo zuen jurrengo pausoa? Zer eskatzen diozu Astindu bezalako talde bati? Talde edo norbanako bakoitzaren ibilbidea azaldu ondoren egin zitzaizkien bi galdera horiek. Bakoitzak bere esparrutik hitz egin bazuen ere, proiektu konkretuak elkarlanean egitearen garrantzia azpimarratu zuten. Aritu ziren integrazioaz, etxebizitzaz eta lanaz, musika sexistaz, herri eragileen gune komun batez… Baina ez ziren beraiek izan proposamenak egin zituzten bakarrak. Mahai-inguruaren azken zatian solasaldia ireki zen gerturatutako herritar guztien ahotsak entzuteko.

Gure Kabuz ala Hil

Ziklo baten barruan kokatu dute antolatzaileek osteguneko mahai-ingurua, herriko egoera sozialaren gaia mahai-gainean jarri eta hausnarketatik eta proposamenetatik abiatuta lanari ekiteko. Hurrengo hitzordua dagoeneko zehaztuta dute: Topatu.eus gazte komunikazio proiektuaren eta Ernai gazte antolakundearen babesarekin sei gazte prekariok egindako ‘Gure Kabuz ala Hil’ dokumentalaren emanaldia eta ondoren egileekin solasaldia izango da otsailaren 18an.

Astindu oraindik ere bere oinarriak finkatzen ari den taldea da, eta mahai-ingurua aprobetxatu zuen taldean parte hartu nahi duen edonorentzat irekita dagoela. Ez dute hitzordu finkorik, baina deialdi guztiak publiko egiten dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide