Albisteak

LEOK’K musika taldeak 50. urteurrena ospatzeko disko berria kaleratuko du

LEOK´k musika taldeak 50 urte bete ditu aurten eta mende erdiko musika ibilbidea ospatzeko “Infinituari segika” izeneko hirugarren diskoa kaleratuko du. Diskoaren grabaketa, ekoizpena eta edizio gastuak ordaindu ahal izateko finantzaketa kolektiboa jarri du martxan Zestoako musika taldeak, eta salmentekin eta kontzertuekin ateratako irabaziak Saharako Emakumeen Nazio Batasuna (SENB) erakundearentzat izango dira.

Proiektua diruz laguntzeko Verkami atarian crowdfunding-a jarri dute martxan. Lotura honetan sartuz lagundu dezakezue, eta parte hartzen dutenek LEOK’K-en CDak, posterrak eta Ekainberrirako sarrerak irabazteko aukera izango dute.

Honako bideo honen bidez ari dira finantzaketa kolektiboaren berri ematen:

Diskoaren aurkezpena

Irailaren 1ean aurkeztuko dute disko berria zuzenean Laranjadin. Kontzertu berezia izango da, taldearen ibilbidean partaide eta kolaboratzaile izan diren musikari guztiek hartuko baitute parte. Jarraian, Grises musika taldeak eskainiko du kontzertua.

Ospakizunak ordea, aurreko bi egunetan hasiko dira. Abuztuaren 30ean, ostegunean, argazki erakusketa eskainiko dute herriko rock taldeen musika ibilbidea argazki bidez erakutsiz, eta abuztuaren 31an, ostiralean, MiniLeok’k eta Leizek kontzertuak eskainiko dituzte eta ondoren herriko rock taldeen ikus-entzunezko emanaldia eskainiko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide