Albisteak

Maiatzaren 7an egingo diren herri galdeketekin bat datorrela adierazi du Urola Kostako gehiengo sindikalak

Ostiral eguerdian Urola Kostako gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB sindikatuetako kideek, bat egin dute eskualdeko herri ekimen ezberdinek maiatzaren 7rako antolatu dituzten herri galdeketekin.

Argitaratu duten komunikatuaren bitartez, datorren maiatzak 7rako deituak dauden herri galdeketei “gure babesa eman nahi diegu, gu ere olatuaren parte izan nahi dugu”. Jarraian duzue oharra:

Zergatik adierazi babesa:

Elkarrizketan jardutea, eztabaidatzea, aurrez aurre jartzea, hausnartzea… eta azkenean jendeari galdetzea, normala delako. Galdetzea da ditugun arazoei buruz erabakitzeko modurik onena, arazoak konpontzeko, beren elkarbizitza antolatzeko nahiz aurrera begirako erronkei heltzeko. Gure iritziz, galdetuak izatea eta kolektibo gisa erabakitzea, kohesiorako eta erantzukizunez jokatzeko ariketa ezin hobea da. Gure bizitzak gure esku hartzen baititugu, beste inori delegatu gabe eta errespontsabilitatez.

Langileak parte hartzera animatzen ditugu:

Beste kolektibo eta pertsona askok bezala, egunero gure baitan jasaten baitugu zer den menpeko izatea. Soldatapeko lanaren munduan, gure egunerokoan, gutxi batzuek erabakitzen dute zer, nola, non eta zein modutan ekoizten den … Langileok bizirauteko eskaintzen zaigun lana onartu beste aukerarik ez dugu. Guk berriz sistema hau aldatzeko, lan mundua aldatzeko edo demokrazia eraikitzeko erabaki nahi dugu.

Testuinguru horretan, kontsulta egitea eta erabakia hartzea errespontsabilitate ariketa bat da, gu kolektibo gisa indartzeko modu bat, menpekotasunaren kate guztiak hautsi nahi ditugula esateko modu bat, gure erabakien jabe izan nahi dugula gure bizitzako arlo guztietan: familian, lanean, herrietan, auzoetan nahiz estatuetan. Horrela erabakitzeko eskubidea erabat uztartzen bai da gure egunerokoan, langileon lanpostuen defentsan eta bermean.

Hau horrela, herritarrei, oro har, eta bereziki langileei, dei egiten diegu herri galdeketa hauetan parte har dezaten. Gaurdanik eta maiatzaren 7rarte, Urola Kostako langileok olatua osatzen lagunduko dugu.

Argazkia: Baleike




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide