Maiatzaren 7an hitza hartu dugu!

Eskerrik asko herritar guztioi. Igandekoa sekulakoa izan zen. Honako galdera hau egin genien herritarrei:

Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?

Guztira 1.305 herritar joan ziren iritzia ematera, deituta zeuden herritar guztien % 42,59.

Hona hemen jaso genituen emaitzak (botoak):

  • Bai: 1.255 (%96,17)
  • Ez: 22 (%1,69)
  • Zuri: 8 (%0,61)
  • Baliogabeak: 20 (%1,53)

Sekulakoa diogunean ez gara ari emaitzengatik soilik. Emaitzengatik ere bai, jakina; baina bereziki boluntarioak aipatu nahi genituzke. Era guztietako herritarrek agertu duten borondatea eta elkartzeko grina txalogarriak izan dira. Erabakitzeko eskubidearen gaia mahai gainean jarri dugu, amets bat izatetik errealitate izatera igaro da. Gai izan gara horretaz hitz egiteko, eztabaidatzeko, oinarriak hitzartzeko, errespetuz, elkarri entzunez. Galdeketek, ariketa demokratikoek, herria kohesionatu eta batu egiten dute.

Parte-hartze zifra lanaren eta borondatearen emaitza izan da, eta horretan ez dugu eragin Hitziturri Elkarteko kideek bakarrik.

Denok gara Hitziturri!

Zergatik dira, gure ustez, hain datu onak? Batetik, Kataluniako prozesua daukagu: 2009ko lehen olatu hartan herritarren %27k hartu zuen parte. Txalo artean jaso zituzten emaitzak, bidea irekitzen ari ziren. Herriak herriarentzat prestatutako lehen galdeketak ziren. Maiatzaren 7an, Urola Kostan %31,34ko partaidetza izan zen.

Galdeketa ez-ofiziala izanda, zailtasunak zailtasun, ia hamar lagunetik lau joan ziren hautetsontzietara igandean. Azken urte hauetan erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua Zestoan ere hazi egin da: Durango eta Iruñea arteko giza-katean hasi ginen, 2016an oihalak josi genituen eta orain bozkatu egin dugu. Aurrerantzean, Itun Herritarra osatzeko asmoa daukagu; eta horretarako, beharrezkoa izango da denon partaidetza. Ekainaren 10ean, Bilbon izango dugu hitzordua.

Zorionak emateko garaia iritsi da: Hitziturri Elkartean eta herri galdeketan sinetsi duzuenoi eskerrak emateko unea da. Azken hilabeteak neketsuak bezain oparoak izan dira, eta igandean ikusi zen emaitza. Herri gisa erabakitzen hasi gara, posible dela ohartu gara. Hau hasi besterik ez da egin. Erabakitze eskubidearen dinamikari eutsiz, laster iritsiko da 3.000.000 biztanleko herri honetara etorkizuna adostasunez eta boto bidez erabakitzeko aukera.