Maite Kortak honako idatzia bidali du Danbolineko postontzira

Ez naiz ni idatzi-zale, kanta eta dantza egitea gehiago atsegin ditut. Baina Danbolineko azken alean Itsasok “bota librean” idatzi duen lehen esaldia irakurri duenari neure iritzia azaldu nahi nioke.

Lehenik eta behin, ez dut ulertu aurtengo txupinazo egunean pamela zahar bat jantzi edo amamari eskatutako poltsa eskuetan hartu eta ohikoa baino pintura gehiagoz aurpegia margotu duenak noiz eta zertan egin dion arbaso eta jatorriari uko, eta bide bazterrean ahaztuta utzi. Nik behar denean begiratzen diot iraganari, baina ez uneoro. Batzuetan festa eta saltsa nahiko aitzakia iruditzen zaizkit atzokoak ahaztu eta etorkizunari irri egiteko, inolako aldarrikapen eta helburu filosofikorik gabe.

Hala ere, aitortu beharra dut, nire jatorria eta zestoar askorena zeharo lotuta dagoela Bainuetxearekin. Esaterako, gure ama bainuetxera lanera joan ez balitz, ez luke ziurrenik gure aita ezagutuko (bainuetxean bertan lanean). Bestalde udaran gure etxeetara “kanpotarrak” etorri eta hainbeste lan egin ondoren lortutako diru-iturriari esker gauzatu ahal izan nituen unibertsitateko ikasketak. Hainbestetan sufritu genituen turista haiek etxean…

Baina tira, Irailaren 7an pamela jantzi nuenean ez nintzen “kanpotar” haiekin oroitu, ez nion kondeari ohorerik egin nahi izan, ezta gure aitak hainbeste ordu txar emandako bainuetxearen goraipamenik egin ere. Nik ONDO PASA nahi nuen, ezagutzen nauenak badaki aitzakia gutxi behar dudala horretarako.

Ez nuen orduan, ez eta orain ere, markes ez jauntxo izan nahi. Hain maiteak ditugun Zestoako jaiei hasiera desberdin bat eman nahi nien, beste gabe. Festa eta lagun giroan, inori kalte eta minik eman gabe. Izan ere, txupinazo egunean horrek poztu ninduen gehien: adin, pentsaera eta lagunarte ezberdineko jendea, denak batera festa bat ospatzen ikusteak.

Aranzabaleko Kondea haserre joan zen ez geniolako utzi “txupinazorik“ botatzen. Datorren urtean beharbada ez du etorri nahiko. Pena litzateke, egiten zuen beroarekin zeraman beroki dotore hura berriro ikusi nahiko nuke erdi kalean gora… Liliko andre Maddaleni esan beharko diogu etortzeko, edo agian indio edo bakero batzuk etorriko dira, edo piratak, patanak edo estralurtarrak. Nik etxeko ganbaran gorde ditut badaezpada mozorro guztiak. Eta poztuko nintzateke datorren urtean berriz ere inori kalte eta minik eman gabe, arbaso eta jatorriak baztertu gabe eta inor epaitu gabe festez gozatzen.

Bide batez, eskerrak eman lehen egun hura girotu eta indartzea beste asmorik gabe lan egin zuten herritarrei eta hara hurbildu ziren guztiei. Askok eskertu eta txalotu genuen esfortzua! Zorionak!

Maite Korta Saenz




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide