Albisteak

Memoria historikoa eraikiz, historia errepikatu ez dadin

Igandean 30 laguneko talde bat Zestoatik Gurs (Bearno, Frantzia) herrira joan zen. Portale Kultur Elkarteak antolatutako ibilaldiaren helburua Gursen 1939 eta 1945 urteen artean izandako kontzentrazio esparrua ezagutzea izan zen. Ibilaldiaren gidari Josu Txueka Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Gurs el campo vasco liburuaren idazlea izan zen.

Bisita gidatuari hasiera emateko Txuekak 75 minutu inguruko hitzaldia eman zuen. Kontzentrazio esparrua izandako gunean “barrakoi” baten erreplika dago gaur egun eta sarrerako hitzaldia hor izan zen, argazkietan ikusi daitekeen moduan. Horretaz gain, 1800 metro luze eta 400 metro zabal izan zuen kontzentrazio esparruaren beste hainbat zati ere bisitatu zituzten Txuekaren gidaritzapean.

18.000 pertsona hartzeko prestatua egon zen Gurseko kontzentrazio esparrua, eta Txuekak adierzi zuenez gutxienez 6000 euskaldun igaro ziren bertatik. Gaur egun dakigunez bi aizarnar, bi arroar eta zestoar bat kontzentrazio esparru hartan egon ziren. Argazkietan ikusi daitekeen bezala, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oroigarri bana jarria dute Gurseko kontzentrazio esparruan egondakoen omenez, Gernikako arbolaren ondorengo bat ere oroigarri horien alboan landatuta dago.

Aipatutakoez gain, kontzentrazio esparruaren ingurko xehetasun pila bat jakin ahal izan zituzten Josu Txuekarekin bisita gidatua egin zutenek. Bisita gidatua goiz eta arratsaldez izan zen, eta eguerdian 30 laguneko taldeak bazkaria zuberoako Ospitale-Pia herrian egin zuen.

Portale Kultur Elkarteak memoria historikoaren jardunaldien balorazio “oso baikorra” egin du

Memoria historikoaren jardunaldiak amaituta, Portale Kultur Elkarteak egiten duen balorazioa “oso baikorra” da. “Urriaren 17 eta 24ko hitzaldietan eta 29an Gurseko kontzentrazio esparrura egindako bisita gidatuan guztira ehun lagunetik gora izan dira parte hartu dutenak” adierazi dute antolatzaileek.
“Jabi Buces (Aranzadi) eta Josu Ibargutxik (Goldatu) emandako bi hitzaldiak oso argigarriak izateaz gain, Josu Txuekak gidatuta Gursera egindako txangoak ere argi utzi digu 36ko gerran eta ondorengo 40 urteetan gertatutakoak ezin direla gehiago isilpean mantendu eta inolako errurik gabe hain errepresio bortitza jasan behar izan zuetenei zor diegula egia, bide batez gure ondorengoek ere jakin dezaten, bere historia ahazten duen herria hura errepikatzera kondenatua baitago”.

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.