Minutua eta berrogeita bi segundo

Oraintsu jakin dut minutua eta berrogeita bi segundo irauten dutela, bataz beste, danbolinen web gunera sartzen direnak. Nahiko nuke pentsatzea baten bat gehixeago geratzen dela eta nire “aztarka” hauek baten batek irakurtzen dituela osorik. Tira, interneteko ohiturak direla-eta, oso denbora gutxi pasatzen dugu gauzak begiratzen, “pasara” bat eman eta kito; testu luze samarrak baldin badira, berriz, paragrafoak saltatuz irakurtzen dugu, eta irudiak ere hala-moduz, begirada azkar eman bat eta aurrera…

F11 Zestoako Argazki Elkartearen aurtengo egutegian ageri den argazki bat ekarriko dut hona, hizpidera, lehen aipatutako joera horri aurre egin nahian.

Kafesne kolore tonu orokor eta itxura batean irudi sinple horretan bi gauza nabarmendu nahi nituzke batez ere: bi leihoak eta mahatsondoa. Bi leiho horiek bi begi ematen dute eta elkarren arteko “elkarrizketan” harrapatu ditu argazkilariak. Biak XX. mendean egokitutako leihoak dira: ezkerrekoa, handiagoa, modernoagoa, balkoi eta guztikoa, bost loreontzirekin eta gortinekin, etxeko gela inportante bat hartzeko pentsatua; eskubikoa, berriz, txikiagoa, sastarragoa, loreontzi bakarrarekin eta “gortinarekin” hau ere, baina armiarma-sarezko gortina bat imajinatu behar dugu.

Jonek buelta guztian besteari baino tarte gehiago eman dio leiho txikiari. Horri esaten zaio ondo “koadratzea”; izan ere, eskuinetik tarte txikiagoa eman izan bazion –handiak ezkerrean duen adinakoa– argazkia desorekatuta geldituko zatekeen, ezkerreko leihoak pisu gehiago baleuka bezala eta koadroari ezker aldetik beheraka eragingo balitzaio bezala (proba ezazue paper zuri batekin eskuineko zati bat estalita).

Baina, tira, lehengora bueltatuz, leihoak elkarrizketan ari direla dirudite:

Nik bost loreontzi zauzkanat.

Eta nik bat bakarra baina hireak baino handiagoa.

Eta nik balkoia eta gortinak.

Eta nik…

Eta nik… Eta moztuta geratuko da leiho txikia, baina azkenean berreskuratuko du adorea eta esango dio leiho handiari:

Hi, hi, ehun urte eskas egindako handinahikeria bat besterik ez haiz. Ni bai, banaun! Ez al ditun, hor goian, nire gainean, harri kurbatu horiek ikusten? Ni bai, garai batean, orain dela zientoka urte, hi baino handiagoko leihoa izan nindunan –edo atea akaso– eta ez hi bezala, leiho bazterrak argamasa xaharrez eginak baizik-eta kategoriazko harlanduez. Ez al ditun ikusten?

Eta horrelaxe, “por goleada” irabaziko dio ate txikiak handiari.

Mahatsondoarena beste kontu bat da. Jonek ez zuen burutik pasa ere egingo, baina pentsa daiteke argazki erlijioso bat egin nahi izan duela hemen. Izan ere, gauza jakina da mahatsa kristautasunaren sinboloa dela (mahatsa eta Kristoren odola). Baina utz dezagun bide hori. Mahatsondoak ere, elkarrizketa egiten du argindar edo telefono kableekin (erreparatu adarren eta kableen arteko antza), baina mahatsondoek ez dute zerikusirik kableekin: biek eroaten dute barruan zerbait (batek landare-izerdia, besteak argindarra edo hitzak eta datuak) baina kableak lehorrak ikusten dira, ez dute ateratzen hosto berde ederrik.

Gainerakoan, zer gehiago esan…? (dagoeneko aspaldi pasa dira irakurleak, bataz beste, pasatzen dituen minutua eta berrogeita bi segundoak eta honez gero aspertu zait jendea). Gainerakoan… leiho “berria” iraulikaz egina da, zaharra argamasaz; garai batean dena zuri-zuria zena orain kafesne kolorekoa bihurtu da; loreontziak landarerik gabe daude (heriotza), mahatsondoa berde-berde (piztuera); mahatsondoa bi besoekin bata leiho handiaren aldera eta bestea txikiari goxotasuna ematen… Eta abar eta abar.

Eta azkenik, arreta handiz bakarrik ikus daitekeena: leiho handian, goiko eskuineko kantoi inguruan, kablean paratuta, txoritxoa, esanaz bezala “Hi haiz, hi, baboa! Zer babokeriak ari haiz esaten?”.

Baina edertasuna horixe izaten da. Eta zoriontasuna ere bai: gauza ederrei begiratu, dastatzeko denbora hartu, eta barruan halako plazerezko zirrara bat sentitzea. Ez diet batere inbidiarik gauzak begiratzen minutua eta berrogeita bi segundo pasatzen dituztenei. Txokolate ontza bost segundotan irensten duen hark zer plazer ateratzen dio, ba? Ba horixe bera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide