Munduaren amaiera

Inoiz ez diot beldurrik izan munduaren amaierari. Askotan pentsatu izan dut hobe litzatekeela segundo bat barru amaituko balitz. Imajinatzen? Honezkero ez litzateke existituko.

Ez zu ez ni, ez ginateke ezer izango. Ez genuke kezka edo poztasun gehiago sentituko. Ez genuke irribarrerik egingo edo negar malkorik isuriko. Sentimenduen beharrik gabe, bizitzeko gogo beharrik gabe, ezereza izatera iritsiko ginateke momentu batetik bestera. Eta ez genuke ezerez hori bilakatutako mundua nola utzi genuen hausnartzeko aukerarik izango.

Gaur egungo munduari beldurra diot. Liskarrei, gorrotoei, negar malkoei… Ohartzen ez zaren arren, ikusi nahi ez duzun arren, besterik ez dugu inguruan, eta sarritan besterik ez dut barnean.

Mina. Batzuetan bera sentitzea desio dutenak daudela ikusten dut. Batzuetan nik ere mina sentitu nahi dut, eta ez dut horretarako arrazoirik topatzen. Akaso horretarako jaio ginen, minez bizitzeko.

Itxi begiak momentu batez, eta pentsa ezazu nolakoa izango litzatekeen guztiaren amaiera. Askok eta askok zure alboan, harresiaren bestaldean ala itsasoz gaindiko lurraldeetan, hotzaren besarkada beroez zein beroaren besarkada hotzez hurbil sentitzen duten amaiera.

Munduaren amaiera, gizadiaren errealitatea omen da, bizia suntsituko duen gertakarien multzoa. Eguneroko ogitzat ditugu jada bizi ugari suntsitu dituzten hondamendiak.

Eta imajina ezazu ez zarela ezer, ez zarela izango ezer, helmugatzat jarritako desio eta ametsak betetzeko aukerarik ez duzula izango. Batzuk galdu dute hori dagoeneko, eta beste batzuk galdu dutela pentsatzen dute oraindik, eta ziur nago zuk ere askotan izan duzula barne gatazka hori buruan jira biran.

Baina jakin ezazu nik zugan sinisten dudala, eta horregatik ez dudala munduaren amaiera desio.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide