Albisteak

Nerea Irure, Gorka Unanue eta Josetxo Mendizabal Euskadi Irratiko ‘Amarauna’ saioan

Nagore Telleria kazetariak Euskadi Irratiko ‘Amarauna’ saioan Gorka Unanue EAJko zinegotzia, Nerea Irure Zestoako bizilaguna eta Josetxo Mendizabal alkatea elkarrizketatu ditu bart elizan tximistak kanpandorrea jo eta bota ondoren.

“Nire burua lurrera bota nuen. Ikaragarria izan zen” adierazi du Unanuek. Une horretan Koiote tabernatik irteten ari zen. Herri osoan argia joan zela eta itzuli ondoren plaza zuri ikusi zuela dion txingorraren eraginez. “Plaza harriz betea zegoen eta kanpandorreari zati handi bat falta zitzaion, sekulako “shock”-a izan zen”.

Nerea Irure berriz, Koiote taberna barruan zegoen eztanda gertatu zenean. “Bonba bat izango ote zen pentsatu genuen” jakinarazi du. Gauean lorik egin ez dutela dio zestoarrak eta sekula ez lukeela pentsatuko tximista batek kanpandorrea joko zuenik ere.

Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea eliza barruan izan da gaur goizean eta harri handi batek koroaren parean teilatua apurtu duela ohartarazi du. “Organoa konpondu berria da eta harri batek,  zoritxarrez, honen zati bat hondatu du. Ia milagro bat izan da inor kaltetua ez izatea” adierazi du Mendizabalek.

Elkarrizketa guztiak hemen entzungai




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide