Ni ez naiz zerria eta zu?

Webgunean ZULOren emanaldiko argazkiak ikuste ari nintzela pentsatu dut, “a ze areto sastarra” ikusten den argazkiaren fondoan! Eta urtarrilean Fernando Arzallusek  egindako sarrera bat etorri zait gogora;  “Toki nazkagarri bat”. Besteak beste Gaztetxeko sarreraz, azken aldian modan dugun zakil festaz eta epelera sartu eta kultur etxean tertulian edo jolasean egoten direnez eta hauen gurasoen arduragabekeriaz idazten zuen. Nik ez dut testu hartaz jardun nahi, baina itsasargi baten modura, fokua pixka bat ireki eta mugitu nahiko nuke eta zabalago begiratu, eta egia da, zerri batzuk gara edo, badira zerri batzuk, baina zenbat inbertitu dugu kultur etxea txukun eta osorik mantentzen?

Zenbat jende ibiltzen da egunero kultur etxean?, AEKra doan jendea, musika eskolan dabiltzan haurrak, hauen gurasoak, irakasleak, bandako jendea, argazki taldekoak, jostunak, bertso eskolakoak, txistulari taldekoak, bileretara doana, edozein hitzaldi edo emanaldi antolatzen dela kultur etxera datorren jende arrunta (zerriak ez direnak). Ez dugu merezi kultur etxe txukunago bat? Eta ez naiz areto egokia aldarrikatzen ari (hori beste debate bat da, aztertu beharrekoa zalantzari gabe). Daukaguna txukun edukitzeaz ari naiz. Txukun horren barruan, denok ados gaude, ez direla goxoki zorroak eta zerbeza latak lurrean botata utzi behar, baina, izorratzen doana berritu egin behar da.

Fernandok dio 25 urte beteko dituela aurten kultur etxeak. Nik dakidala sarrera hori behin margotu da. Kendu zituzten orduan errotuluak eta kito, ez dira gehiago jarri. Kanpoko jendea galduta ibiltzen da, leku bakoitza non dagoen galdezka. Eta aretoa? Pentsa zenbat erabili den 25 urtean eta ez da inoiz margotu. Berogailu edo aire egokitua bazuen, baina izorratu zen eta kito. Pitzadura han, pitzadura hemen, baina hortxe jarraitzen dute ez dira konpontzen. Eta kultur etxeko sarrera hori? pareta ertz guztiak kaskatuta daude, hezetasun arazoak (25 urtean egin da saiakerarik soluzio bat emateko? ez dakit ba nik, horrela edukitzekotan ba harria atera edo…), zokalo bat erortzen dela? ba zokalo gabe betirako, txoribururen batek ate bat xuloz bete duela? ba xulatuta betirako, zakil handi bat margotu dutela ba hortxe enmarkatuta betirako… Antzerki taldekoei ez zaiela beraien gauzak gordetzeko leku egokirik eskaintzen? ba hortxe eskailerapean altzari guztiak betirako…

Erabilera egokiarekin ere gauzak zikintzen eta zatartzen joaten dira denboraren poderioz eta leku publikoetan gehiago, jende askok erabiltzen ditu eta. Gure etxeetan ere noizik eta behin paretak margotu egiten ditugu eta puskatzen doana konpondu. Geuregatik egiten dugu batzuetan eta kanpotik datorrenagatik bestetan, itxuragatik alegia. Bada herri honetan lotsa galtzen hasita gaudela dirudi.