Paperekoa

ORIONDIK HARATAGO – Kepa Iribar

Zinemara joan naiz aspaldiko partez. Film bat estreinatzerako haren jarraipenak egitea pentsatuta egoten den garai honetan, 35 urte itxaron behar izan dugu film honen bigarren zatia ikusteko.

1982an pantailaratu zuten Blade Runner. 2019ko Los Angeles hiria, sugar ikaragarriekin, kaleetako kaosa, euri-jasa amaigabea, Vangelisen musika… Agertoki horretan, Harrison Ford polizia, erreplikanteak ehizatuz. Izaki artifizialak dira erreplikanteak, gizakiak baino indar handiagoa dute, gizakiak adinako adimena, baina bi arazo dituzte: iraungitze data laburra eta sentimenduen kudeaketa. Ezin enpatiarik sentitu, ezin gizakiak bezala maitatu, gorrotatu, tristatu… Horrek hiltzaile bihurtu ditu batzuk. Hiltzaile, edo bizirik iraun nahi duten izaki; nahiz eta azkenerako, haien atzetik dabiltzanak baino gizatasun gehiago erakutsi.

Bigarren filma ikusteko, lehenengoa berrikusi dut. Errukia sor dezakete izaki artifizialok: oroitzapenik gabeak, edo are okerragoa, oroitzapenak ere artifizialak dituztenak, gizaki izatera heldu nahi duten izaki artifizialak, aita edo ama aurkitu nahi duten umeak.

Eta neure buruari galdetu diot. Geu bezalakoak izateko modukoak al gara gizakiak? Bizitza ederra da, ez daukat zalantzarik; bakoitzak bere bidean pertsona zoragarriak aurkitzen ditugu. Baina arraza moduan, benetan inor gizaki izateko gogoa pizteko modukoak al gara?

Soilik azken asteetan: errefuxiatuak itsasoan itotzen, Kataluniako afera konpontzeko modua, Ipar Koreako eta Estatu Batuetako oilar nagusiak gandorra nork tenteago daukan kukurrukuka, Ozeano Barean Frantzia adinako eremua plastiko zaborrez osatua, egunero umeak goseak hiltzen, Amazonian basoa deuseztatzen… gizakiak, bizi den planeta eta bertako izakiak (gainerako pertsonak barne) nola tratatzen dituen ikusita, Oriondik haratago alde egiteko gogoa ematen du batzuetan. Baina hemen jarraitu beharko dugu. Aldatuko al gara? Zenbateko kaltea eragiteko gai da gizakia aldatu aurretik?

Zuek sinetsi ere egingo ez zenituzketen gauzak ikusi ditut nik: Oriondik haratago sutan dauden espazio-ontziei egindako erasoak, Tannhäuserreko atetik hurbil C izpiak iluntasunean distira egiten… une horiek guztiak galdu egingo dira denboran, euritan galtzen den negar malko bat bezala. Hiltzeko unea da.

 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.